ARALAR alderdiak prentsa oharra bidali du salatuz Urumeako autobia dela-eta,
Diputazioak hainbat baserritan egingo dituen espropiazioak.
Alderdi honek azaldu duenez Koldo Azkoitia Foru Diputatuaren agerraldia eskatu
du Batzar Nagusietan, horri buruz azalpenak eman ditzan: ´Foru Aldundiaren
erantzukizuna da desjabetu behar dituen familiak kale gorrian eta inolako
babesik gabe gera ez daitezen ziurtatzea`, dio Rebeka Uberak, Aralarreko
bozeramaleak.
Bakero eta Mandazubi
Prentsa oharrak dioenez, martxo aldera Bakero baserriko bi familiek etxea
utzi beharko dute eta 120.000 eta 135.000 euro eskaini dizkie Diputazioak:
´benetan uste al dute diru kopuru horiekin beste etxebizitzarik eskura
daitekeela?`, galdetzen du alderdi honek. Horretaz gain azaldu du familia
horietako bat maizter izan dela 165 urtez eta adineko kide bakarra geratzen dela:
´Ziurtatuko al zaio non bizi?`, egiten du berriz ere galde prentsa oharrean.
Alderdi honek azaldu duenez, Mandazubi baserrikoek ez dakite zer egingo duten
bertako ganadu ustiapenarekin, beren hitzetan ez baitiete ´irtenbiderik`eskaini.
Aralarrek bukatzen du esanez jendea ezin dela tratatu ´altzari zaharrak balira
bezala`.