Askagintzak alkoholaren kontsumoaren inguruko jardunaldien barruan, herriko sektore ezberdinak bildu zituen mahainguruan.
ASKAGINTZAK antolatutako jardunaldien barruan mahaingurua izan zen alkoholaren kontsumoak eta honekin lotutakoek sortzen dituzten arazoei buruz hitz egiteko. Askagintzaren XIVgarren jardunaldiak, alkohola edateko era zahar eta berriak gaiaren bueltan antolatu dituzte eta eztabaida hori Hernaniko errealitatera ekarri nahi izan zuten. Horretarako mahainguruan bildu ziren ostalaritzako, Udaltzaingoko, Kaxko elkarteko, eta Berriak elkarteko ordezkariak, baita Prebentziorako Udal Zerbitzuko teknikaria ere.
Errealitate eta
ikuspuntu ezberdinak
Iñigok, tabernetako ordezkarien izenean, azaldu zuen askotan bizilagunek tabernariak egiten dituztela erantzule asteburuetan Hernaniko Kaxkoan gertatzen diren ezbeharretaz. Bere iritzian, alkohola kontsumitzeko moduak, taberna barruan behintzat, ez dira asko aldatu azken urteetan. Aldaketak ikusten dira, mozkorretan eta agresibitatean.
Isabel, Kaxko elkarteko ordezkariaren ustez, alkohola edaten gero eta gazteago hasten dira orain eta gero eta denbora gehiago ematen dute kalean. Dirua ere lehen baino gehiago dutela azaldu zuen. Bestetik, aipatu zuen Udalak ez duela aisialdi arloaren inguruan erantzukizunik hartzen.
Udaltzaingoaren ordezkariak, Leok, esan zuen gazteek asko eta gaizki edaten dutela. Bere iritzian lehen errespetu gehiago zegoen. Tabernetan edaten dena baino tabernetatik kanpo edaten dena dela arazoa esan zuen. Hernaniko fenomenoari buruz aipatu zuen ez dela beste herrietatik asko bereizten, igande arratsaldeko festa Hernanin mantendu egin dela kenduta.
Mari Kruzek, Berriak elkarteko ordezkari gisa, esan zuen komertzioei ez diela arazo honek hainbeste ukitzen. Adierazi zuen orain ere lehen bezala, edaten dela sinpatikoago eta alaiagoa izateko. Aipatu zuen alkoholaren inguruko kultura beti izan dela hor eta ikusten dena egiten dela.
Txus Congilek, Prebentziorako Udal Zerbitzuaren arduradun tekniko bezala, esan zuen egun gurasoak eta ikastetxeak erabat desorientatuta daudela alkoholak sortzen dituen arazoen aurrean. Aipatu zuen Hernaniko 427 familiak egin dizkiotela kontsultak prebentzio zerbitzuari. Azaldu zuen hori asko dela kontutan hartuta Hernanik dituen biztanleak.
Izan ziren beste hainbat interbentzio ere, irakaskuntzan urte asko daramazkin irakasle batek esan zuen berak ikusten duela alkohola dela familian arazo gehien sortzen dituen droga, eta azaldu zuen etxeetan arazo larria dutenak gurasoak direla. Hernaniko kirol arduradun batek esan zuen aisialdiarekin lotuta kirola asko jeitsi dela eta egun ez dela elkarlanean lanik egiten eta hori beharrezkoa ikusten zuen, norbera bereaz besterik ez delako arduratzen, bere ustez.
Askagintzak dio hauek izan direla, segur aski, egin dituzten jardunaldi ´frustranteenak`
ASKAGINTZAK jardunaldien balorazioa egin du. Diote egin dituzten 14 jardunaldien artean hauek izan direla segur aski, ´jardunaldi frustranteenak`. Egin zuten aurreneko mahaingurua bertan behera geratu zen asistentzia faltagatik nahiz eta Eusko Jaurlaritzako Drogodependentzia Zuzendaria eta Deustuko Unibertsitateko Drogodependentzia Institutuko soziologoa ekarri. Bigarren mahainguruan hizlari bat izan zen eta 12 pertsona joan ziren bertara. Azkeneko mahainguruan, herriko sektore ezberdinek gonbidatu eta parte hartu zuten. Azaldutako 18 pertsonen artean eztabaida interesgarria sortu zen. Ostiraleko antzerkian herriko ikastetxeek Biteriko aretoa bete zuten baina, arratsaldean, emanaldi irekian, 30 pertsona besterik ez ziren joan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!