GAY Murreko maisu etxeetan bizi direnek Udaleko Ongintza Patronatuaren jarrera salatu nahi izan dute prentsara bidalitako eta herrian zabaldutako ohar batean. Etxebizitza horiek botatzekoak dituzte Zaharren Egoitza haunditzeko eta momentuan etxebizitza bota ala ez epaitegien esku dago, abuztuan Ongitza Patronatuak desalojorako eskaria egin baitzuen epaitegietan. Eskari hori errekurritu egin dute bertan bizi direnek eta epaitegien erabakiaren zain daude.
´Etxe hauek ez zeuden inor hartzeko prestatuta`
Azaldu dute urtebete dela etxebizitza hauek okupatu zituztela eta diote, sartu zirenean ez zutela etxebizitza itxurarik: ´zikinkeriaz beteta zeuden, sekulako kiratsa zegoen, ez zegon ur beroarentzat tuberiarik, eta abar`. Honekin lotuta diote ´hutsik daramazkiten 4 urteetan Ongintza ez da etxebizitza hauen kargu egin eta etxeek ez zituzten beren funtzioa betetzeko kondizioak ere betetzen, etxebizitza beharra zuen jendea hartzea, alegia`.
Azaldu dute, Patronatuak nahi zuela etxebizitzak uztaila amaierarako uztea eta esan zietela epe horretan utzi ezkero alternatibaren bat negoziatuko zutela, etxea botatzen hasi behar zutela-eta. Honen inguruan diote batzuek erabaki zutela etxea uztea, baina beraiek bertan jarraitu dutela ´etxerik izan gabe ezin baita ezer negoziatu`. Geratu direnek galde egiten dute zer alternatiba eman zaien etxebizitzak utzi dituztenei.
´Zaharren Egoitza handitzeko proiektuaz ez dakigu ezer`
Gay Murreko maisu etxeetan bizi direnek diote ez dutela Zaharren Egoitza haunditzeko proiektuaren berririk. ´hona sartu ginenetik entzun dugu etxe hauek bota behar zituztela Zaharren Egoitza haunditzeko eta oraindik ez dugu proiektu horren berririk` diote.
´Arrisku egoeran bizi gara`
Salatu dute Udalak ´sabotaje eta txikizio politika` jarri duela martxan abuztua ezkero: ´argia moztu, etxebizitzak barrutik txikitu, hondakinak jaso gabe utzi...`. Honek arriskua dakarrela azaldu dute ´leihoak zintzilik egon dira eta kontuan hartu behar da ondoan ikastola eta haurrak daudela`. Horrez gain diote ateak botata daudela eta edozein sartzen dela etxeetan ´bai nora joaterik ez duen jendea, baita ihesi dabilen jendea ere, laban eta guzti` aipatu dute.
Bukatzeko eskatu dute epaitegitik etxea botatzeko baimena eskuratu arte ´eraman ditzatela beraiek egindako txikizioen hondakinak eta utzi diezagutela bizitzen arrisku gehiago sortu gabe`. Horrekin batera eskatu dute ´ez gaitzatela kale gorrian utzi alternatibarik gabe, indarrez eta dena suntsituz. Beren eginkizuna baita etxebizitza bat eskuratzeko minimoetara ere iristen ez den jendea laguntzea`.
Patronatuko Lehendakariak dio tratu batera iritsi zirela etxea uzteko
ANdoni Amonarraiz, Ongintza Patronatuko Lehendakariak Kronikari azaldu dio etxe horretara sartzerakoan bazekitela bota egin behar zutela eta dio tratu batera iritsi zirela bertan zeuden 17 bizilagunekin. 12k esandakoa egin zuten baina beste 5ek hor jarraitzea erabaki zutela azaldu du.
Etxea botatzeko proiektua esku artean pasa den urteko abuztutik dutela dio lehendakariak baina epailearen erabakiaren zain daudela dio. Horrez gain zaharren egoitza haunditzeko proiektua aste pare baten buruan eskuratuko dutela dio.
Zaharren Egoitza haunditu
Amonarraizek azaldu du egun Zaharren Egoitzak ez duela araudia betetzen. Gelen %15ek indibiduala izan behar du eta ezin da eduki hiru pertsonentzako logelarik. Honen aurrean bi aukera daudela azaldu du: ´ala edadetuak botatzen ditugu ala zaharren egoitza haunditzen dugu. Argi dago zein den irtenbidea`. Zaharren Egoitza haunditzearekin batera asmoa dago eguneko zentroa haunditzeko, tutelatutako pisuak jartzeko eta baita adineko bikoteentzat pisuak ere. Obra hau egiteko 700.000 euroko partida dago 2006ko aurrekontuetan.