Auzmendik hautsi eta Zeberio IIak eutsi, Ezkurrak zer eginik ez zuen izan atzo. Zeberiok binakako bosgarren txapela lortu zuen atzo eta Elizalderen marka berdindu zuen. Auzmendik ´laino batean zegoela` esan zuen partidu bukaerako deklaraziotan.
auzmendi izan zen atzoko protagonista nagusia Galarretan. Peloteoan aixa dominatuta eta sakez min izugarria eginda, Zeberio IIa eta biak aurtengo Binakako Erremonte Txapelketa irabazi zuten, 32-40, Ezkurra eta Ionen kontra. Seguratarrak pelota azpitik ibili zuen eta ez zion Ezkurrari airez lasai sartzen uzten. Horrez gainera 7 tanto egin zituen sakez eta partidu guztian 3 pelota bakarrik galdu zituen. Zeberio IIak bi helburu zituen atzo: aurreko koadroetan Ezkurra ebitatzea eta bere binakako 5garren txapela lortzea. Helduandarrak bi helburuak bete zituen.
Ezkurrak ez zuen batere partidu ona jokatu. Jokuan sartu ezinik ibili zen eta desesperatzeraino iritsi zen. Hori dela eta, pelota harrigarri asko galdu zituen Doneztebekoak. Ionek lan haundia egin behar izan zuen atzo. Partidu hasiera kaxkarra kenduta, gainerantzean ahal zuen neurrian kunplitu zuen eta pelota oso txarrak ekarri zituen, batez ere errebotetik. 7 pelota galdu zituen.
Inoiz galdu gabeak
Bai Zeberiok eta bai Auzmendik, binakako txapelketan jokatutako final guztiak irabazi dituzte. Zeberiok bost jokatu ditu eta bostak irabazi. Auzmendik bi jokatu ditu eta bi irabazi; biak Zeberiorekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!