Neguko merkealdia: azken aukeraren bila

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 14a, 02:00

ERREGEAK Hernanitik pasa eta hurrengo egunean hasi dira neguko merkealdiak. Hernaniko Kronikak hainbat dendarirekin hitz egin du, merkealdien ingurukoak azaldu ditzatzen.
Denda batzuk Errege eguna pasa eta berehala jarri dituzte beren artikuluak merkealdian. Izan ere, Donostiako denda gehienek horrela egiten dute eta bestela ´jendeak hiriburura alde egingo luke segituan` dio Eukene Rodrigok, Eukene arropa dendatik. Beste batzuk ordea nahiago izaten dute egun batzuk itxaron, Erregetako itzulpenak hartu eta merkealdia prestatzeko.

Gabonetako kanpaina, betiko moduan
Denda askorentzat Gabonetako kanpaina oso garrantzitsua izaten da. Aurtengoa beste urteen antzekoa izan da: ´Ez da gaizki joan - dio Anbotoko Milagros Mendizabalek - baina ondo ere ez`. Dendari batzuk harrituta daude Olentzeroko astea nahiko bajua izan delako, baina gero, Erregetan, salmenta haundia izan dela adierazi dute. Mitxel Kirolak-eko Eve Martinen hitzetan: ´Erregetako astea beti izan da oso indartsua hemen eta oraindik horrela jarraitzen du`.

Merkealdia, betiko bezeroak eta...
Merkealdian jartzen dituzte neguko denboraldian bezeroaren bistan izan diren artikulu berdinak. Izan ere, artikulu horiek gorde eta biltegian utziko balituzte, hurrengo urterako balio gutxiago izango lukete: ´Lehenago, arropa batek hainbat urtetarako balio zuen, baina orain urte batetik bestera ez du balio, eta horregatik komeni da lehenbailehen saltzea, merkealdiak horretarako dira`, diote Anbototik.
Merketzeko protzentaiak irizpide ezberdinen arabera jartzen dituzte dendariek: taila sueltoei edo urtean kasik saldu ez den generoari portzentai haundiagoko rebaja egiten diote normalean.
Kronikak bezeroen berri ere jakin nahi izan du. Komertzio txikiko arduradunek azaldu dutenez, Hernanin herriko jendea izaten da merkealdian berengana joaten dena, betiko bezeroak. Inguruko herrietatik ere jende asko hurbiltzen da: Astigarraga, Urnieta, Goizueta... Mahuka arropa dendan Goierritik eta Gipuzkoako beste lekuetatik etorritako jendea ere izan dute. Beren ustez, hori da igande arratsaldetan etortzen diren gazteek denda ikusten dutelako: ´Eskaparatea ikusi eta gero merkealdian etortzen dira, ia zerbait gustokoa dagoen`, dio Nagore Alvarez-ek. Betiko bezero ez direnak ere azaltzen dira. Milagros Mendizabalen esanetan: ´Guk arropa denetatik dugu, bai garesti eta bai merkeagoa, baina arropa garestia dugula uste dutenak merkealdian bakarrik etortzen dira`.

Merkatal zentroen eragina
Jakina da merkatal zentro haundiek eragina badutela herriko komertzioan. Merkealdian eragin hori nabaritzen da, baina urte osoan bezalaxe. Dendari askok somatu dute hasiera batean erosleak zentro horietara joaten direla, baina hango artikuluak segituan amaitzen direnez, gero komertzio txikira jotzen dute berriro, ia zerbait txukuna aurkitzen duten.
Hala ere, jende asko geratzen da herrian erosketak egiten. Mitxel Kirolak-en uste dute pertsonaren egoerak asko eragiten duela: ´Adinekoak gutxiago joaten dira zentro horietara eta haurrak zaindu behar dituztenek ere ez dute denborarik izaten hara joateko, adibidez`, diote. Beste batzuk zerbitzua baloratzen dute eta nahiago izaten dute bertan geratu.
Dendari askoren iritziz aparkamenduak dira gakoa. ´Kanpotik datorrenak aparkatzeko tokirik ez badu bilatzen, ez da herrian geratzen eta nahiago du zentro haietara joan`, dio Eukenek. Anbototik ere gauza berbera diote Milagros eta Valentin Mendizabalek: ´Zerbitzu hori ezin bestekoa da komertzioarentzat, gaur egun gauzak dauden bezala behintzat`.
Merkealdia martxoaren 31ean amaituko da ofizialki. Bitartean, badago zer ikusi, eta nahi izanez gero, zer erosi.

Merkealdian dauden produktuak denboraldiko berak izan behar dute

Eusko Jaurlaritzak oharra kaleratu du neguko merkealdia dela-eta. Bertan hainbat gomendio ematen die kontsumitzaileei, eta merkealdietako produktuek bete behar dituzten arauak ere zehazten ditu. Merkealdien helburua da denboraldiko kondarrak saltzea, horregatik, dendariek merkealdian jarri beharreko produktuak denboraldikoak izan behar dute derrigorrean. Ezin dira merkealdian jarri, hilabete lehenago behintzat prezio normalarekin merkaturatu gabeko produktuak, ez eta akatsa duten produktuak ere (hauek saldo prezioan bakarrik saldu daitezke). Eusko Jaurlaritzaren oharrak gogorarazten du likidazioak, eskaintzak eta promozioak ez direla merkealdian sartzen. Gainera, merkealdian dauden produktuak garbi seinalizatu behar dira, baita prezio arrunta eta merketutako prezioa zein diren ere.

Kontsumo bulegoa Hernanin
Hernaniko Udalak badu Hernani eta Astigarragako kontsumitzaileen informaziorako bulego bat, Zaharren Egoitzan, eta telefono zenbakia du: 943 557854. Kontsumitzaileek dituzten dudak argitu edo kejak jasotzeko zerbitzua eskaintzen dute bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!