Igandeko ekitaldiak emango dio hasiera aurtengo txotx denboraldiari

Kronika - Erredakzioa 2006ko urtarrilaren 20a

DENA prest dago Hernaniko txotx denboraldiari hasiera emateko. Joan den astean irekiera ekitaldia izan zen Astigarragan, Nafarroan ere jadanik ireki dute sagardo berria probatzeko garaia, eta Hernanin asteburuan izango da irekiera ofiziala, igande eguerdian, Gudarien plazan (eguraldi txarra egingo balu, Atsegindegiko plaza berrian).

Chillida familiaren eskutik
Txotx Komisioak antolatzen du irekiera ekitaldia eta bertan parte hartzen dute Udalak, herriko sagardogileek, Berriak merkatal elkarteak eta Kaxko auzo elkarteak. Aurten Chillida familiak irekiko du denboraldia. Komisiotik adierazi dutenez, Chillida Lekuk Hernaniri egindako promozioagatik eta familia honek gure herriarekin duen loturagatik hartu dute Chillida familia omentzeko erabakia.

Txotx herrikoia
Igande eguerdian txotx herrikoia izango da eta bertaratzen diren guztiek aurtengo sagardoa probatzeko aukera izango dute. Ekitaldia goizeko 11:30etan hasiko da, txalapartariekin. Horren jarraian bertsolarien txanda izango da. Eguerdiko 12:00etan, Aitor Ruiz de Egino artistak diseinaturiko irudi bat emango zaio Chillida familiari eta familia honetako kideek arkupetan jarriko diren kupeletako sagardo berria probatuko dute.
Ondoren, Txotx herrikoiak eta Los Incansables txarangaren soinuak alaituko dute igandeko bazkalaurrea Gudarien plazan.

Herri kirol ikuskizuna
Horrez gain, herri kirol erakustaldia antolatu dute Txotx Komisioko arduradunek. Bertan izango dira Miren Urkiola eta Perurena aita-semeak harri jasotzen, 13:15etatik aurrera.

2006ko txotx denboraldia - Egitaraua

Txotx denboraldi berria dela-eta, emanaldi eta ekitaldiz beteriko egitarau zabala antolatu dute datozen hilabeteetarako. Hauek dira Hernanin izango diren ekitaldi batzuk:

 

Urtarrilaren 22a, igandea: Txotx Eguna
Urtarrilaren 23, 24 eta 26a: Sagar jaia ikasleentzat, 14:30etan Atsegindegin.
Urtarrilaren 29a, igandea: Sorginkeri tailerra, 11:00etan Atsegindegin eta kalejira 13:00etan.
Otsailaren 4a, larunbata:La Fonda pop-rock kontzertua, Plaza Berrian 19:30etan
Otsailaren 12a, asteazkena: Hip-Hop funky show, Atsegindegin 18:00etan.
Otsailaren 18a, larunbata: Perfusion taldea kalean, 12:30etan.
Otsailaren 24tik 28ra: Inauteriak.
Martxoaren 5a, igandea: Zanpantzarrak kalean, 12:30etan.
Martxoaren 19a, igandea: Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiaren XIgarren kapitulua.
Martxoaren 25a, larunbata:- Zezen mekanikoa Atsegindegin.- Txirrita Hernanin 2006 bertso musikatu emanaldia Biterin 20:00etan
Apirilaren 2a, igandea: Kale Antzerkia 18:00etan
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!