Mendi martxa Buruntzara, trena pasatzeko tunela egingo den tokira

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 13a, 02:00

ANDOAINGO AHT gelditu! Elkarlanak mendi martxa antolatu du datorren iganderako, hilaren 15erako. Asmoa da abiadura haundiko trena nondik barrena joango den ikustea eta azpiegitura honen kontra egitea. Martxa goizeko 09:30etan abiatuko da Andoaingo Kale Txiki auzotik eta bertatik joango dira Buruntza mendira. Buruntzan bisitatuko dituzte AHTa egiteko eraikiko duten tunelaren bi ahoak. Urnieta aldera jarraituko dute martxa eta Benta ingurutik Osiñagara joango dira. Martxa arratsaldeko 16:00ak aldera iritsiko da Tilosetara. Bertan eskulanak egingo dituzte. Bazkaria eta hamaiketakoa norberak eraman behar ditu. Euria egingo balu ibilbide motxagoa egiteko asmoa dago. Jakinarazi dute goizeko 09:15etan, lineako autobusa ateratzen dela Hernanitik. AHTa martxan jartzeko negoziazioa AHT gelditu! Elkarlanak gaitzetsi du Espainiako Gobernuak eta Lakuako Gobernuak duela gutxi egindako negoziazioa AHTa martxan jartzeko. Plataformaren ustez akordio horretan lanen gestioa eta negozioa banatu dituzte eta salatu dute gobernuek herritarren borondatea alde batera utzi dutela. Plataformak azaldu du trena egiteko tunelak, harrobiak, mendi mozketak eta abar, egingo direla, ibilbide zuzena behar baitu. Horrez gain energia kantitate ´izugarria` beharko duela ere azaldu dute eta gehiena zentral nuklearren bidez aterako dutela. Salatu dute, baita ere, merkantzia alde batetik bestera zentzurik gabe garraiatzeko beste bide bat dela trena.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!