LeoKAKO labaderoa berrituko dute eta hori egiteko obrak kontratatzeaz hitz egin zuten atzoko Gobernu Batzarrean. Labaderoa EAEko Patrimonio Historiko eta Artistikoaren barruan dago katalogatua eta Hernaniko patrimonioko elementu adierazgarrienetarikoa da. Obra hau enpresa bati adjudikatuko zaio orain eta subasta bidez egingo da, behin boletinean aterata. 87.620 euroko aurrekontua du obrak eta 2006ko aurrekontuan jasota dago.
Egitekoa den obraren asmoa da materialak errehabilitatzea, eta beharrezkoak diren piezak ordezkatzea. Zehazki, pinuzko piezak aldatu eta haritza jarriko dute. Teilatua ere aldatuko da ur eta elektrizitate sistemak lur azpitik pasako dituzte. Iluminazioa ere jarriko dute.
Obra hau egingo da, besteak beste, labaderoa Santiago Bidearen ondoan dagoelako, eta Santa Kruzeko santutxoa ere ondoan duelako, hau ere Patrimonio Historiko eta Artistikoa deklaratuta dago. Udalak azaldu du apustua dela herriko gune turistikoei balioa ematea.
Iturri batetik sortua
Labaderoko ura ondoan dagoen iturburu natural batetik dator, arkupe batean dagoena. Iturriaren inguruan aurreneko eraikina 1538an egin zen. 1664an moldatu egin zuten eta ordutik ere izan dira beste hainbat obra: 1728an eta 1896an. Labaderoa gaur egun ezagutzen den bezala, ordea, 1918an eraki zen eta 2000 urtean txukundu zen azkeneko aldiz. Orduan beharrezkoak ziren hainbat gauza konpondu ziren baina ezin izan zen erabat txukundu, ez baitzegoen nahikoa aurrekontu.
0,7 dirulaguntzak
Gobernu Batzarrean hitz egin zen baita ere garapen bidean dauden herrialdeei dirulaguntzak emateaz. Hernaniko Udalak aurrekontuaren %0,725 gorde zuen 2005ean honetarako eta 2006ko aurrekontuaren %0,737 gordeko du. Diru kopuru horren %15a euskal fondoarentzat izaten da, %65a proiektuak aurkezten dituzte ONGeentzat, %10a senidetutako herrientzat eta beste %10a izaten da sentsibilizazio kanpainak egiteko herrian. Mahai gainean dago gai hau eta datorren astean zehaztuko da nola banatu diru hori.
Zentroan ordu erdiz aparkatzeko plazak, ordu beterako izatea eztabaidatuko dute Udaltzaingo Batzordean
Udaltzaingo Batzordean hainbat puntu eztabaidatuko dira. Horietako bat da zentroan aldi baterako aparkatzeko jarriko dituzten aparkamenduei buruzkoa. Asmoa da kultur etxe atzean eta taxi paradaren atzean 14 aparkamendu jartzea eta beste 8 elkano kalean. Hasieran asmoa zen ordu erdirako aparkamenduak izatea, komertzio ordutegi barruan, jendeak enkarguak errazago egin ahal izateko. Eztabaidatuko dute aparkamendu horiek ordu erdirako izan beharrean ordu beterako izatea.
Txotx garairako 6 udaltzain
Asmoa dute, baita ere, txotx garairako 6 udaltzain kontratatzea. Horrela, txotx garaian 3 errelebotan, 5 edo 6 udaltzain egongo lirateke. Beste puntu batean hitz egingo dute hainbat taberna zigortzeaz, zarata, bigarren atea eta lizentziarekin lotutako arazoengatik. Bestetik, egiteko asmoa duten ikerketa batetaz ere hitz egingo dute, herriko auzoetan dauden aparkamenduak txukuntzeko. Ikastetxeen bidez hezkuntza programak egitea eta udaltzain plaza bat ateratzea ere jarriko dute mahai gainean.