ASTIGARRAGAKO kultur etxean hainbat ikastaro antolatu dituzte hemendik ekaina bitartean. Ikastaroak honakoak dira: dantza afrobrasildarra; haurrentzako sormen tailerra (buztina, marrazkiak, jostailu eta bitxiak egitea...); Txi-kun; estresa menderatzeko teknikak; areto dantzak; Euskal Herriko erromanikoa; eta etxeko brikolaje erraza (koadroak zintzilikatu, apalak montatu, altzariak margotu, entxufeak konpondu...).
Ikastaro guztiak arratsalde edo gau partean dira, dantza afrobrasildarra tailerra izan ezik, hori goizean izango da eta Isabel Plazak emango du. Astean behin izango dira klaseak.
Izen ematea eta prezioak
Ikastaroetan izena emateko oraindik badago aukera, epea urtarrilaren 20ean amaitzen baita. Ikastaro guztiak urtarrilaren 23an hasi eta ekainaren 12an amaituko dira. Txi-kun tailerraren kasuan, hasiera data asteazken honetara aurreratu dute.
Egunean bi orduko ikastaroek 93 euro balio dute, ordu eta erdikoek 81,6 euro eta haurrentzako ikastaroek berriz 49,5 euro. Astigarragan erroldatutakoek deskontua izango dute eta langabetu, jubilatu eta gazte-txartela dutenei ere %25eko deskontua egingo zaie.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!