ASKAGINTZAK XIVgarren jardunaldiak hasiko ditu bihar asteazkena. Aurtengo jardunaldiek alkohola izango dute gai nagusia, eta zehazki hitz egingo dute alkohola edateko era zahar eta berrietaz.
Jardunaldien asmoa da, ikuspuntu eta gai ezberdinekin lotuta, alkoholaren inguruan informazioa ematea, batetik. Bestetik, gogoeta egitea Hernanin egiten den alkohol kontsumoaz. Azkenik jardunaldietatik proposamen batzuk atera nahi lituzkete, prebentzioan, osasunean eta herritarren arteko elkarbizitzan oinarrituta. Jardunaldi hauek antolatzen lagundu dute Hernaniko Udal Ongitza Patronatuak eta Eusko Jaurlaritzak.
Erakusketa , mahainguruak eta antzerkia
Jardunaldiak asteazkenean hasiko dira, egun horretan irekiko baita informazio puntua, Biterin arratsaldeko 18:00etan. Bertan izango da kontsultatzeko materiala euskarri diferentetan eta pertsona bat edozein kontsultarako. Arratsaldeko 19:00ak aldera jardunaldiak inauguratuko dituzte ofizialki. Segidan Belen Bilbaok hitz egingo du Jaurlaritzak droga menpekotasunari buruz egin duen planaz eta Teresa Laespadak hitz egingo du, besteak beste, boteiloiaz eta horren atzean dagoen errealidadeaz.
Ostegunean Imanol Kerejeta medikuak hitz egingo du alkoholak osasunean duen eraginaz eta Nieves Garcia soziologoak azalduko du alkoholarekin nola sozializatzen garen gaztetatik.
Mahaingurua Hernaniko errealitatera ekarri
Ostiralean mahaingurua egingo dute Hernaniko errealidadeari buruz, eta sektore ezberdinetako jendea gonbidatu dute parte hatzera: ostalaritzako, Udaltzaingoko, auzo elkarteetako, Berriak elkarteko ordezkariak, eta Prebentziorako Udal Zerbitzuaren arduradun teknikoa.
Mimarte mimo antzerkiak emango dio amaiera jardunaldei ostiralean.
Askagintzatik animatu nahi dute jendea parte hartzera, izan ere uste dute Hernanin gai honetaz asko hitz egiten dela eta badagoela interesa. Jardunaldi hauetan hitz egiteko aukera dagoela azaldu dute, etxe, taberna eta abarretatik eztabaida atera eta iritziak elkartrukatzeko.
Jardunaldien egitaraua
Urtarrilak 11-12-13
Informazio eta aholkularitza puntua. Materiala, koadernoak, liburuak, bideoa eta abar izango dira erakusketa moduko batean. Pertsona bat ere izango da gaiarekin lotutako edozein kontsultarako. Arratsaldeko
18:00etatik 20:00etara, Biteriko
erakusketa gelan.
Urtarrilak 11, asteazkena
Jardunaldien inaugurazioa. Joxan Rekondo, Alkateak eta Txus Congil, Hernaniko Askagintzako ordezkariak hitz egingo dute. 18:45etan Biteriko erakusketa gelan.
Mahaingurua. Belen Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Droga Gaietarako Zuzendariak hitz egingo du, Euskal Autonomi Erkidegoan Drogra-mendekotasunaren V Planean alkoholak duen lekuaz. Teresa Laespada soziologoak azalduko du
alkoholaren kontsumoa gaur egungo gizartean. Arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara Biterin.
Urtarrilak 12, osteguna
Mahaingurua. Imanol Kerejeta, EHUko psikiatria irakasle eta medikuak hitz egingo du alkohola eta osasunaz. Nieves Garcia soziologoak hitz egingo du alkoholak sozializazioan duen garrantziaz eta familia, eskola, adiskide eta inguruan duen eraginaz. Arratsaldeko
19:00etatik 21:00etara Biterin.
Urtarrilak 13, ostirala
Mahaingurua. Ostalaritzako ordezkari bat, Udaltzainen ordezkari bat, Auzo elkarteetako ordezkari bat, Berriak elkarteko ordezkari bat eta Prebentziorako Udal Zerbitzuaren
arduradun teknikoa ariko dira tertulian alkohola, osasuna eta sozializazio eremuaz. Arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, Biterin.
Antzerkia. ‘Mimarte’ mimo antzerkia, Peter Robers-en eskutik. Eguerdiko 13:00etan Biterin, DBHko ikasleentzat. Arratsaldeko 18:00etan emanaldia irekia izango da ikusi nahi dutenentzat.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!