MARTIN Ugalde Kultur Parkean aurkeztu zuten atzo Berria elkarte arteko pelota txapelketaren IIIgarren edizioa. Aurkezpenean, antolatzaileak eta babesleak izan ziren xehetasun guztien berri ematen, horien artean Rufino Rekalde, Hernaniko pelota elkarteko arduraduna.
Hernani eta Altza antolatzaile
Aurten Hernani eta Altzako pelota elkarteak arduratuko dira antolatzaile lanetaz, beraz, Usurbil eta Urnieta ez dira arituko zeregin horretan.
Aurtengo txapelketak aldaketa batzuk ekarri ditu. Parte hartuko duten elkarte kopurua 32tik 24ra jaitsi dute, arduradunen hitzetan ´aurreko urtean ikusi genuelako parte hartzaileen kopurua igota partiduen kalitatea jaitsi egiten zela zenbait kasutan`. Gipuzkoa eta Nafarroako zortzina elkartek jokatuko dute txapelketan, Bizkaiatik bost izango dira parte hartzaileak eta Araba, Errioxa eta Iparraldetik bana. Lasarteko Intza eta Doneztebeko Erreka elkarteak lehenengo aldiz izango dira txapelketan.
Sariak banatuago
Beste nobedade bat izango da, jaitsi egingo dela sariei dagokien diru kopurua, Urnieta eta Usurbil antolatzaile lanetatik kanpo geratu direlako, atzo esan zutenez. Gainera, aurten lehenengo zortzi sailkatuek eramango dute diru-sariren bat, iaz ez bezala.
Partiduak Hernanin eta Altzan jokatuko dira, Hernanin larunbata arratsaldetan. Hala ere elkarteek aukera izango dute partidua erosi eta beren frontoira eramateko. Aurten ez da kamiseta ofizialik sortu eta elkarte bakoitzak berea eraman beharko du.
Zozketa eta partiduen datak
Atzoko agerraldian, azalpenak emateaz gain, partiduen zozketa egin zen. Iaz final laurdenetara iritsi zirenak aurten bigarren kanporaketara pasako dira zuzenean. Hernanik otsailaren 25ean jokatuko du lehenengo partidua, Inauterietako larunbatean, Elizondo edo Zaramagaren kontra. Rufino Rekaldek Kronikari adierazi dionez oraindik ez dute erabaki Hernaniko elkartea zein pelotarik ordezkatuko duen, baina asmoa dute kadete maila indartzekoa.
Txapelketa datorren larunbatean hasiko da Burlata eta Gernikaren arteko partiduarekin eta finala apirilaren 1ean jokatuko dela aurreikusi dute antolatzaileek, Hernaniko Kiroldegiko frontoian.
Txapelketaren web gunea
Txapelketaren jarraipena egin nahi duenarentzat web gune bat sortu dute. Bertan, sailkapenak, partiduen datak, argazkiak eta abar, ikusi daitezke. Martxelo Otamendik atzokoan azaldu zuenez web gunera www.berria.info helbidetik sartu daiteke.
Berria txapelketak Herri Arteko txapelketen tankerako arauak ditu. Kadete, jubenil eta nagusien mailan jokatzen dira partiduak, baina Herri Artekoan ez bezala, txapelketa honetan puntuazio globalak balio du azken emaitzarako.