FARMAZIETAKO gaueko guardiak Chuclak egin zituen aurreko urte osoan, aurten berriz, Aizpuru farmazian eskainiko dute zerbitzu hori. Gaueko guardia 22:00etatik goizeko 09:00ak arte izango da, orain arte bezalaxe.
Gaueko eta eguneko
guardiak
Hernaniko zona farmazeutikoan Astigarraga eta Urnietako farmaziak ere sartzen dira. Baina Jaurlaritzaren Dekretu baten arabera, hainbat zona farmazeutiko guardiako zerbitzuak eskaintzeko elkartu daitezke. Iaz, Hernani, Andoain eta Lasarteko zona farmazeutikoak elkartu ziren; modu horretan, inguruko herrietako jendea Hernanira etorri behar da orain, larrialdiren bat izan ezkero, guardiako farmaziara.
Eguneko guardia aldiz, lehen bezala egiten jarraituko dute, Hernaniko zazpi farmazien artean txandakatuz. Egunez guardia tokatzen zaion farmazia, ordutegi normalaz gain, eguerdian eta iluntzean ere irekita egoten da (gaueko guardia hasi arte).
Larrialdietarako bakarrik
Gipuzkoako Farmazeutikoen Elkartetik azaldu dutenez, farmaziak derrigortuta daude guardiako ordutegiak jendearen begi bistan jartzera. Gainera, guardiako farmazian larrialdi kasuak soilik hartu ditzakete: ´larrialdia den hala ez neurtzea, hori farmazeutikoaren esku geratzen da`, diote elkarte honetako arduradunek.
Jaurlaritzaren Dekretuak farmazien ordutegia ere zehazten du. Horrela, farmazia astean 40 ordutan egon behar da irekita gutxienez, goiz eta arratsaldeko ordutegian, gainera.
Hernanin zazpi farmazia daude gaur egun: lau kaxkoan, bat Antziolan, beste bat Etxeberrin eta Latsunbeberrin zazpigarrena. Farmazeutikoen Elkartetik diote biztanle eta distantziaren arabera ezartzen direla farmazia kopuruak. Baina oso zaila da Hernani edo inguruan farmazia gehiago irekitzea, saturazio haundia baitago momentu honetan, Elkarteko arduradunen iritziz.
Ordutegi minimoa:
Farmazia guztiak irekita egon behar dira gutxienez: 9:00etatik 13.00etara goizez, eta 17:00etatik 19:00etara arratsaldez.
Gaueko guardiak Aizpuru farmaziak egingo ditu Hernanin urte osoan: 22:00etatik goizeko 09:00etara. Guardiak larrialdi kasuetarako bakarrik dira.
Karmele Aizpuru, farmazilaria:
«Herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko zentralizatu ditugu gaueko guardiak»
Karmele Aizpuru da Latsunbeberriko farmaziaren titularra. Farmazia 1997garren urtetik dago martxan auzo honetan eta Aizpuruk azaldu digu nola eragiten dien gaueko guardiak bertan egiteak.
ZERGATIK guardia guztiak farmazia batean?
Lehenago txandaka egiten ziren gaueko guardiak, baina Hernanin zentralizatzea hobea dela uste dugu. Alde batetik mediku guardia Hernanin dagoelako; bestetik, errazagoa delako jendearentzat, farmazia bakarra gaueko guardien erreferentzia bihurtzen baita, urte osorako.
Eta nola funtzionatzen duzue?
Hernaniko eta inguruko farmazia guztien artean hiru farmazilari ordaintzen ditugu gaueko guardiak egiteko. Guk farmazia jarri eta kontratazioak egiten ditugu. Zerbitzu hobea eman nahi dugu, baina irabaziengatik ez du merezi, gaueko salmenta oso txikia baita.
Zerbait egokitu behar izan duzue?
Leku aldetik ez, lehenago gaueko guardiak ere egiten baikenituen. Stock-a bai, hori haunditu eta moldatu dugu, guardietarako.