Asteartean jakinaraziko du Paueko auzitegiak ‘Txuria’ren kontrako euroagindua onartzen duen

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 4a, 02:00

ASKATASUNAK jakinarazitakoaren arabera datorren asteartean jakinaraziko du Paueko auzitegiak onartzen duen ala ez Jon Garmendia, Txuriaren kontra Espainiako Entzutegiak luzatutako euroagindua. Atzo izan zen defentsaren azken bista euroaginduaren kontrako errekurtsoa aztertzeko, bai Jon Garmendia eta baita Ekain Rodriguez donostiarraren kontrako euroaginduena. Jon Garmendiak egin zuen interbentzioan esan zuen Euskal Herriak 500 urte daramazkiela askatasunarekin amesten eta amets hori lortzeko bidean egonda eskatu zion frantses estatuari ´euskal ameslariak ez kanporatzeko eta ez estraditatzeko`. Azpimarratu zuen gatazka horretan estatu frantsesak baduela partea eta konponbidean parte hartu behar duela. Abokatuak eskatu zuen euroagindua bertan behera uzteko. Prokuradoreak aldiz, agindua gauzatzeko. Familiarrak eta lagunak epaiketan izan ziren.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!