AURREKO ostiralean itxi zituen ateak Biterin Etiopiako haurren alde Hernaniko artistek jarritako erakusketak. Bertako arduradunek balorazioa egin dute eta adierazi dutenez oso pozik daude izandako emaitzekin. Guztira 2.150 euro bildu dira ekimen honen bidez, horietatik gehiena artelanen salmentatik, baina beste zati bat bildu dute erakusketan jarritako bi eltxetxoetan jendeak borondatez botatako diruarekin.
Erakusketaren antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie: artelanak utzi dituzten artistei; emakume zentroko kideei, erakusketa zaindu izanagatik eta Etiopiako haurrei laguntzeko Komisioari.
115 artelan salduta
Guztira 115 artelan saldu dira erakusketak iraun duen hamabost egunetan. Lehenengo eguna izan zen salmenta aldetik onena, baina Gabonetako astea kenduta, beste egun guztietan jende asko ibili dela adierazi dute: ´arrakasta haundia izan dute, adibidez, afrikar kutsuko hondarrezko koadroek, teknika nahiko berria delako`. Horretaz gain oleozko koadroak, egur eta kristalezko dekoratuak... denetarik saldu da, arduradunen esanetan.
Pasaian berriz ere salgai
Asmoa dute saldu gabe gelditu diren 80 bat artelanekin beste erakusketa bat egitea Pasaian, Hernanikoaren helburu berarekin. Hala ere, antolatzaileek jakinarazi dute erakusketa urtero egitea pentsatzen ari direla eta lehenago abisatuko dutela, artistek lanak egiten asteko.
Bestalde, Angel Olaran guztiaren jakinaren gainean dago eta oso pozik agertu da, jasotako diruaz gain, hernaniarrek eman dioten babesarengatik.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!