Bihar iritsiko dira herrira Errege Magoak, opariz karga-karga eginda

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 4a, 02:00

ERREGE magoak bihar iritsiko dira Hernanira, Ekialdeko izarrari segika bidaia luzea egin ondoren. Zapatak garbi-garbi eginda jarriko dituzte haurrek, eta hain txikiak ez direnak ere bai, kartan eskatutako opariak jasotzeko ilusioz. Hala ere urtero bezala, etxez etxe opariak banatzen hasi aurretik herria bisitatuko dute karroza gainean, goxokiak banatuz. Erregeen karrozak arratsaldeko 18:00etan abiatuko dira Antziola auzotik, Kurtidora zaharra zegoen lekutik. Aurretik urteroko beste bixita garrantzitsua egingo dute Zaharren Egoitzan, arratsaldeko 16:00etan. Ibilbidea Antziola auzotik abiatuko dira karrozak Elkano kalerantz eta handik Latsunbe aldera joko dute. Zinkoeneatik barrena Txirritara joango dira eta berriro Elkano kalera. Plazara abiatuko dira gero Udaletxeko atzeko arkupeetan barrena eta bertan geldituko dira. Kardaberaz kaletik jeitsiko dira gero karrozak eta Cuevas farmazia parean berriro ere geldituko dira. Zinkoenean barrena Txirritara eta Urbietara joango dira Taxi parada ondoan geldituz. Izpizua kalean behera Zinkoeneara joko dute eta Kale Nagusian gora abiatuko dira, Irizar tabernan geldituz. Plazara iritsi eta han egingo dute azken geldialdia. Geldialdi bakoitzean fandango eta arin arina dantzatuko dute karroza gainean bi dantzarik eta ibilbide guztiak zehar goxokiak banatuko dituzte errege eta pajeek. Plazara iristean Errege Magoek erregaloak banatu eta haurren eskariak entzungo dituzte. Eliza atarian jaiotza egongo da, eguraldi txarra egiten badu arkupeetan jarriko dira. 2 karroza eta 100 bat parte hartzaile Kabalgata antolatzen azken urteetan dabil komisio bat, tartean Berriak elkartea dagoela. Adierazitakoaren arabera 60 bat haur, 25 heldu eta Txistulari eta Musika Banda izango dira parte hartzen. Txalapartari, trikitilari eta dantzariak ere izango dira tartean. Jakinarazi dute egunean bertan seguridade soka eusteko jendea behar dela eta eskatu dute animatzen direnak baserritarrez jantzita joateko, egunean bertan arratsaldeko 17:30etan, kabalgata aterako den puntura.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!