GAZTE Txokoak urtarrilerako osatu duten programazioa helarazi dio Kronikari. Larunbatetik hona itxita izan da Aristizabal kaleko lokala, Urte Zahar eta Urteberri egunak direla-eta, baina gaur arratsaldean irekiko ditu berriro ateak Gazte Zinemarekin. Bihar ere izango dute bertan zer egin gaztetxoek, pultsera tailerra antolatu baitute arduradunek: pultserak, koilareak, pitxiak... horiek guztiak egiteko aukera izango da biharkoan
Larunbatean, Urteberri
bazkarian
Ostiralean, Errege Eguna izaki, Gazte Txokoa itxita egongo da. Larunbatean Urteberriko bazkaria egiteko asmoa dute, urtero legez, Gazte Txokora hurbiltzen direnen artean. Bazkarian parte hartu nahi dutenek 3 euro ordaindu beharko dituzte aurretik.
Hilaren erdialderako tailer gehiago antolatu dituzte: urtarrilaren 10, 11, eta 12an buztin tailerra, urtarrilaren 18an sukaldean ariko dira eta hurrengo egunean, Aintzane Uria makilatzailearen eskutik gaztetxoek makilajearen inguruko sekretu guztiak ikusiko dituzte, arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Horretaz gain, Sex Drog informazio puntua eta ordenagailu txokoa irekita izango dira aste horretako ostiral eta larunbatean.
Astea bukatzeko Donostiara joango dira hilak 21, igandean. Horretarako aldez aurretik 3 euro ordaintzea beharrezkoa izango da.
Pegatinak, altxorraren bila eta... ‘La Perla’ra!
Hilabetearen amaieran La Perlara irteera antolatu dute ostirala 27an. Bertara 10 euroren truke joan ahal izango da eta izena emateko azken eguna aurreko igandea dute. Baina horren bezperan, ostegunean, pegatina tailerraz gozatzeko aukera izango da.
Altxorraren bila jolasa dute hilabeteko azken ekintza, hilaren 29an, Santa Barbara inguruetan arituko dira parte hartzera animatzen direnak.
Txapeldunak, Andoaingo Gazte Lokaleko futbolin txapelketan
FUTBOLINERAKO afizio haundia dago Gazte Txokoan eta horren lekuko da futbolin txapelketek izaten duten arrakasta. Joan den hilaren 28an, inuxente egunean, Andoaingo Gazte Lokalak antolaturiko txapelketara joan zen Hernaniko talde bat, baita maila ederra eman ere! Txikien mailan Itxaso Narro eta Itsaso Bergaretxek bigarren egin zuten, eta Ibai Beraza eta Ibai Gartzia bikoteak hirugarren. Nagusien mailan Ivan Almendrok eta Joseba Alonsok txapela eraman zuten.
Urtarrilaren 18an Hernanin izango da futbolin txapelketa eta Andoaindik etorritako bikoteen kontra aritzeko aukera izango dute berriro Gazte Txokoko kideek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!