Hilabetero izaten ditut aurrez-aurrekoak senideekin. Ziztu bizian alde egiten duten bi ordu dira; ez dute alde egiten ordea aztarnarik utzi gabe, barne algarak, begiradak, besarkadak, hitz egindako kontu serio eta ez hain serioak, oroitzapenean gelditzen dira. Katuak ez dakit zenbatgarren mendeko platera dotorea (beti oso itsusia iruditu zaidana, portzierto) puskatu duela, aitak bere paseotxoak egiten dituela, izebak zera esan zuela aurreko batean, lehengo ostiralean kontzentrazioan izan zirela eta harekin eta bestearekin topatu zirela eta musuak eta besarkadak bidaltzen dituztela... Kartzelan egunerokotasuna elikatu eta aberasten duten mila kontu, hemen eta orain aipagarriak ez diren mila kontu, berezko garrantzirik ez dutenak. Baina bada kontutxo hauetako bat aurrez-aurreko batean aipatu zidatena eta nik ziega batean hain beharrezkoa den irudimenaz apaindu dudana, gutun honetarako.
Ama eta lagun bat joan omen ziren oroitzen ez dudan denda batera, oroitzen ez dudan zerbait erostera (nere memoria selektiboa barkatuko didazuelakoan...) eta nik irudikatzen ditut bi emakumeak erosketak egiten, kontu kontari, xahutuko duten diruarekin gehiegi kezkatu gabe, ´egun batekoagatik` pentsatzen dutela.
Eta hantxe aurkezten dira erosi asmo duten guztiarekin. Dendariak irribarre atseginez hartzen ditu, salmenta ona egin behar duen plazer ezkutuaz. Holakoetan tarjetaz ordaintzeko nortasun agiri bat erakutsi beharra dago eta eta amak EHNA aurkezten dio irribarre atsegineko dendariari. Dendariari ordea, aurpegia aldatzen zaio, irribarrea ez da orain hain irribarretsua eta ez dakit zehatz-mehatz zein hitzekin baina nortasun agiri horrek ez duela balio esaten dio amari.
Eta ama eta bere lagunak ´pena da ba hau dena ezin erosi eta hemen utzi beharra` esan eta, horrelaxe, burua tente, harro eta alai badoaz beren EHNArekin. Atzean utzi dute dendari orain ez hain irribarretsua, eta atzean utzi dute hipokresia, epelkeria, errealitatea onartu nahi ez dutenen inozokeria. Errealitatea baita euskaldunak garela eta euskaldun gisa bizi nahi dugula Euskal Herrian. Errealitatea da egoera eta leku gehienetan onartzen diotela EHNA amari agiri baliogarri gisa, eta onartzen ez diotenak atzean utzi dituela, bidean atzean, historian atzean. Herri hau aurrera baitoa, aurrera gure eskubideen aldarrikatze eta gauzatze bidean, aurrera gure historia eraikitzen, herria eraikitzen.
EHNA egin eta erabiltzea beste pauso bat gehiago da eraikitze bide horretan, debeku eta ukatze guztien gainetik aurrera egingo dugu gure eskubideak gauzatzen baititugu inoren baimenaren zain egon gabe.
Gustora egin dut barre istorioxka kontatu didatenean eta kideei kontatu diet aurrez-aurrekotik bueltan eta barre egin dugu atseginez, ez salmenta ona egin behar duenaren irribarreaz, baina bai borroka irabazten ari garenaren irribarreaz, askatasuna irabazten ari garenon irribarreaz, historia egiten ari garenon irribarreaz. Historia guk geuk egiten dugulako, eta horretarako tresnak dauzkagulako: egin eta erabili EHNA
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!