Mendiluze: «Ni bertsotan egitera noa eta badakit nere aukerak badauzkadala»

Kronika - Erredakzioa 2005eko abenduaren 18a

Aitor Mendiluzek dio lasai eta presiorik gabe sentitzen dela gaurko finalerako.

Aitor Mendiluzek (Andoain, 1975) Euskal Herriko bertsolari txapelketako bigarren finala du gaurkoa. Aurrekoan baino seguridade gehiagoz omen dijoa, zertara dijoan jakinean. Andoaindarra Gipuzkoako txapeldun izana da. Aurreko Txapelketa Nagusian hirugarren egin zuen, baina, ez zen erabat gustora gelditu, bertso gogoangarririk bota ez zuela-ta. Zer gorputzekin zoaz BECera? Semifinaletako sentsazio bera daukat, ikaragarri lasai eta jaialdi batera bezala noa. Noski, finala da, eta berezia. Bertsotan egiteko gogoz noa (behin eta berriz azpimarratzen du idea hori). Ez dakit lasaiegi joatea ere ona den topea emateko, baina, presiorik gabe noa. Zer helburu ditu Mendiluzek? Aurreko txapelketan halako sentsazio arraro batekin gelditu nintzen. Bertsotan ondo egin bai, hirugarren gelditu ere bai, baina, entzuleari ezer gutxi utzi nion sentsazioa gelditu zitzaidan. Nahiko nuke gaur bertso gogoangarri batzuk botatzea, eta horretan daukat burua jarrita postuetan baino gehiago. Aurrekoan hirugarren eginda, ez al zoaz txapelaren bila? Beste batzuk daukate irabazteko ardura edo presioa, nolabait esateko. Nere buruari ez diot karga hori jarri, baina, badakit nere lana ondo egiten badut, aukerak badauzkadala eta besteek ere egin egin beharko dutela. Zein izan litezke klabeak? Ofiziotan egongo da klabea, zortziko haundian eta txikian. Zortziko txikian lau bertso, asko da. Puntuazioan ez ezik, hasierako ofizioetan norbere buruarengan konfiantza izateko ere garrantzitsua da hori. Ni zortziko txikian eroso eta ondo ari banaiz, saioa dominatzen dudan sentsazioa izaten dut. Puntuazioan, egia da, bakarkakoan alde haundiagoak egon litezkeela. Finalari begira, zerk kezka-tzen zaitu gehiena? Egia esan, sentitzen dut ideetan ondo edo errez nabilela, eta batzutan, idea horri forma ematea da kostatzen zaidana. Prestaketa berezirik ere ez dut egin batzuetan antzeman egiten dut hori. Txapelerako edo buruz bururako aukerekin eta prestaketa berezirik gabe finalera... Bertso eskolan bildu eta ber-tsotan aritu gara eta prestaketa hori egin dut. Burua ere gehiago zentratuta egoten da beti... Baina, prestaketa berezirik ez dut egin ez, eta uste dut nik normaltasun bat behar dudala bertsotarako. Nere burua ezagutzen dut, eta hamabost egun jai hartu eta horretaraxe jarri izan banintz, seguruena erdirik ere ez nuen egingo. Gaurkoa Euskal Herriko bigarren finala duzu. Zertan aldatu da Mendiluze bertsolaria, eta finala bizitzeko modua. Final hartako sentsazioa izan zen, jo, hau ikaragarria dek!. Oholtzara igo eta hainbeste mila pertsona... aurreneko aldia... Oraingo sentsazioa da, jo, hau final earra! Hemen bertsotan egin behar dik! Zertara zoazen jakinaren gainean noa orain, beste seguridade batekin. Nola ikusten dituzu beste zazpiak, zein dira (zutaz aparte) txapelerako zure faboritoak? Egaña, Maialen eta Iturriaga ikusten ditut aukera gehienekin. Egañak ez du ezer erregalatuko, Maialen oso ondo ikusi dut entrenamenduetan, eta Iturriagak Hendaian erakutsi zuen zenbat lezakeen. Donostiako saioan irregularrago jardun arren, Hendaiakoa da benetako Iturriaga, ez Donostiakoa. Besteak ere oso fuerte daude, eta aurreko muturrean sartzeko aukera haundiak dituzte. Zer moduzko lekua da iruditu zaizu da BEC, kantatzeko zein entzuteko? Ederra. Oso toki erosoa, bildua eta beroa da. Kantatzeko eta entzuteko ere egokia, giroa sortzeko aproposa. Nola ikusten duzu zeure burua plazaz plaza. Eroso ikusten dut. Gustora sentitzen naiz eta disfrutatu egiten dut. Saiatzen naiz saio bakoitzari zerbait berezia ematen. Bertsokera bat ere definitu dut, eta hori ere inportantea da. Gero, batzuei gustatuko zaie eta beste ba-tzuei ez hainbeste. Txapelketak beste aparraldia ekarriko al du? Gorakada ekarriko du, baina, positiboan, ez da boom hutsa izango. Bertsolaritzak prestigio bat lortu du, eta txapelketaren bultzada epe luzeragokoa izango da nere ustez.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!