Maialen Lujanbio bertsolaria ikuspuntua lantzen saiatu da gehiena, azken urteetako bidea pulitzen. Gogoz eta ilusioz dijoa BEC-era, baina, txapelketan aurretik kantatu ezak kezka ere sortzen dio Hernaniko bertsolariari.
Maialen Lujanbiok (1976) Euskal Herriko Bertsolari txapelketako hirugarren finala jokatuko du gaur Barakaldoko BEC-en. Egañarekin batean hernaniarra da faborito nagusia. Aurrekoan bigarren egin zuen, eta gero Gipuzkoako txapela irabazi. Lujanbiok gaurko finalera daramakien kezka nagusia da bere burua txapelketan probatu gabe nola erantzungo duen jakitea. Eta dio lehenengo saioak garrantzitsuak izango direla pultsua hartzeko. Maialen Lujanbiok zortzi puntuko doinu berria plazaratuko du gaur, 8-7 silabakoa eta jatorri katalana duena.
Zer aldartetan zoaz gaurko finalera, ze sentsazio dauzkazu?
Txapelketan orain arte aritu ez eta jende aurrean probatu falta sentitzen dut batetik. Bestetik berriz, gogoa daukat txapelketak berekin dituen tentsioa eta kontzentrazio egoera hori bizitzeko. Eta ilusioa ere bai gauzak ondo egiteko.
Zer helbururekin zoaz, saio aldetik zein postu aldetik?
Helburuetan, bakoitzak bere buruari jartzen diona da bat eta gero daude postuak. Eta lehenengoa betetzen bada, bestea ere hor nonbait ibiltzen da. Nik nahi dudana nere bertsokera egin, nigandik eta errealitatetik hurbilekoa. Haundikerietara edo gauza puztuegietara jo baino nahiago nuke hankak lurrean ditudala ikusi gauzak. Ikuspuntu horretatik kantatu, eta ahalik eta ondoen egin. Horrek esan nahiko luke postuetan gora samar ibiliko nintzatekeela, ondo egiten badut eta apreziatzen bada, noski. Ez da txapelketako helburua eta ahalegina bakarrik, horixe da orokorrean bertsotan egiten saiatzen naizena.
Hankak lurrean jarrita, zure ustez, ahalegin horrek sarbide erreza al du txapelketan, beste ahalegin batzuk bezalakoa, alegia?
Beno, gerta liteke ahalegin batzuk ez izatea hain brilanteak edo hain ikusgarriak. Agian da ahalegin bat zu egiten ari zarena eta izugarrizko logika dauka zure prozesuan, baina, igoal jendearentzako ez da oso brilantea, inkluso ez da aldaketa haundia ere, eta agian ez da oso luzitua. Edo gerta liteke ez gustatzea ere.
Etorriko al da txapela
Hernanira?
Ez dakit. Ikusten da jendea fuerte dagoela eta hor hautagai mordoxka dago. Uste dut irabaziko duela irabazi lezakeela sinesten duenak. Hori izango da klabea. Ze, bertso mailan, badago talde bat punta-puntan ibiltzeko moduan.
Besteak fuerte ikusten dituzu orduan...
Bai, fuerte eta ilusioz. Sentsazioa ematen dit orain dela lau urte bigarren egin banu, izan zela (prestakuntza aparte) aurreko txapelketan arantza sartuta gelditu zitzaidalako. Eta orain ere iruditzen zait 2001ean arantzarekin gelditu zirenek aukera gehiago izango dutela gora egiteko.
Zer entrenamendu egin duzu finalerako.
Aurreko txapelketan espezifikoagoa egin nuen, zer egin garbi neukalako. Orain, bide hura pulitzen ahalegindu naiz. Ikuspuntua lantzen saiatu naiz batez ere, eta errimak-eta ere egin ditut.
Zer du 2005eko Maialenek 2001ekoak ez zuena?
Lau urte gehiagoko bizi esperientzia, lau urte gehiagoko bertso esperientzia, eta estilo aldetik berria izan zena biluzten joatea.
Doinu berria ere aterako duzu finalean?
Bai, Leridako doinu baten moldaketa da. Zortziko zaharra bezala, 8-7 da, eta zortzi puntukoa. Doinu estua da, sobrako gauzarik esateko tarterik uzten ez duena, eta ondo egitekotan kateatu beharrekoa.
Zer lanetan aterako duzu?
Seguruena kartzelan, lanean, goizean.
Nola ikusten duzu plazaz plaza zure burua?
Bizi aroei oso lotuta dijoan gauza bat bezala ikusten dut. Momentuko kezka eta interesgaiekin batera dijoana. Gaur egunean bertsolaritza da nere egiteko eta arretagune nagusia.
Eta bertsolaritza nola ikusten duzu, boom-a al dator berriz? Txapelketa izugarrizko jende pila dabil, gazte asko. Bukatu eta asentatzen denean ikusi beharko da eta jende hori plazetara joaten den, edo zer eskaini behar zaion joan dedin. Saio mota edo formato berrien gaia ere hor dago..., gazte horiengana nola iritsi...
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!