Usoko-Epelerrekan bertako haritza eta pagoa aldatuko dute pinua eta norteko haritzaren ordez
USOKO-epelerrekan bertako haritza eta pagoa aldatuko dute, norteko haritza eta pinuaren ordez. Ekimen hau Europako Batasunetik datorren Life programaren barruan dago, programa honek ingurumenarekin lotutako ekimenak finantzatzen ditu. Diputazioak 2005eko deialdian Life Aiako Harria proiektua aurkeztu zuen, beste 182 proiekturekin batean eta onartu ziren 54 proiektutatik 6garren postua lortu zuen ekimen honek. Orain Hernaniko Udalak sinatu du hitzarmena Diputazioarekin, izan ere Aiako Harriko parke naturalak dituen 6.913 ha-tatik 621,1 ha Hernanikoak dira. Haritza eta pagoa aldatuko dira Usoko-epelerrekako 30 ha-tan.
Hernaniko Udalak 43.634 euro jarriko ditu
Ekimenak guztira 120.924 euroko aurrekontua du eta Europa Batasunak subentzionatu du neurri haundi batean. Hernaniko Udalak 43.634 euro ordainduko ditu, 21.817 euroko bi zatitan, 2007 eta 2008 urteetan zehar.
Iñaki Arratibel, ingurugiroaz arduratzen den zinegotziak adierazitakoaren arabera zuhaitz berriak jartzeko aterako diren norteko haritzak eta pinuak saldu egingo dira eta hortik ere aterako da dirurik.
Ekimena gauzatzea , hau da, zuhaitzak aldatzea, proiektua idaztea, kontratazioa, lanak zuzentzea, eta abar, Diputazioak egin beharko du.
Hernaniko Udalaz gain, proiektu honetan sartuta daude Errenteriako Udala, Oiartzungo Udala, Irungo Udala, Basoa Fundazioa, Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritza eta Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitatearen Zuzendaritza.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!