EUSKAL PRESO POLITIKOAK EUSKAL HERRIRA

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 2a, 02:00

Dagoeneko urtebete egin du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak borroka bateratua abian jarri genuenetik, gure oinarrizko eskubide zein eskubide politikoak aldarrikatze eta gauzatze bidean. Jakina da oinarrizko eskubideak etengabe zanpatuak dauzkagula: osasun eskubideak, ikasteko eskubidea, euskaraz bizitzeko eskubidea eta senide eta lagunekin harremantzeko ere geroz eta oztopo handiagoak jartzen ditu etsaiak sakabanaketa politika hiltzailea, zigor politika gogorra eta mila trikimailu zeken erabiliz. Hala ere, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideok tinko eusten diogu gure borrokari, gure aldarrikapenei eta oro har euskal herritar eta militante izatearen egunerokotasunari. Bada urtebete ia oinarrizko eskubideez gainera estatus politikoaren aldarrikatze bidean apustu berezia egin genuela. Preso politikoak garen neurrian, kolektibo bateko kideak garen neurrian, biltzeko, antolatzeko eta gure mintzakidetza garatzeko eskubideak aldarrikatzen ditugu, Euskal Herrian abiatzen diren eztabaida eta erabakitze prozesu guztietan parte hartzeko eskubidea eta betebeharra dugulako beste hainbat gizarte eragile eta eragile politikoren parean, eskubide eta betebehar berdinekin. Euskal Herriak gaur bizi duen itxaropenezko mementu hauetan, non aukera berriak sortu ditugun, non gatazkaren benetako erroa mahaigaineratzea lortu dugun, non konponbide politiko ezberdinak aurkeztu diren, guk egina dugu gure apustua. Horregatik gure dinamikarekin jarraituko dugu, estatu frantziarrean eta espainiarrean barreiatutako kartzeletan, etsaiaren eskuetan eta etsaiaren aurrean gure eskubideak aldarrikatu eta gauzatzeko borroka aurrera doa. Baina hau guztia ere ez da nahikoa izango. Euskal Preso Politikoek Euskal Herrian egon behar dute, eztabaida eta erabaki gune guztietan, herrietan, auzoetan. Eta ez da nahikoa izango `Euskal Preso Politikoak Euskal Herrira!` oihukatze hutsarekin gelditzen bagara ere, estatu zanpatzaileen erabakien gainetik euskal eragile batzuen epelkerien gainetik, batzuen eta besteen poltrona eta interes ekonomikoen gainetik gure eskubideak gauzatzeko garaia heldu da. Euskal Herriari eta euskal herritarroi dagozkigun eskubideak gauzatzeko, egi bihurtzeko garaia da. Euskal Herriak du hitza eta erabakia, Hernanik du hitza eta erabakia, lan eta borroka luzea dugu aurretik, bide horretan oztopoak eta errepresioa eskaintzen duenak aurrez-aurre izango gaitu, baina Euskal Herriaren eskubideen alde zintzoki pauso txikiena ere eman nahi duenak, guztiz beharrezkoa den gure hitza eta ekintza izango ditu ondoan. Guztiak gara beharrezkoak prozesu, bide askatzaile honetan eta guztiek lan egin beharko dugu denok parte hartu ahal izateko; horregatik gonbitea egin nahi dizuegu gurekin batera bide honetan jarrai dezazun, pauso berriak emanez, tinko eta itxaropentsu. Urtarrilak 7an guztiok Bilbora!! Euskal Herriak merezi duelako, guztiok eman dezagun pixka bat gutxi batzuek dena eman behar ez dezaten. Euskal Preso Politikoak Euskal Herrira! Geurea da hitza eta erabakia! Gorka Loran, Oihane Bakedano, Imanol Miner, Gari Arruarte. Euskal preso politikoak
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!