Hernaniko ia taberna guztietan erre ahal izango da, oraintxe arte bezala

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 31a, 02:00

Arazorik gehien 100 metro karratutik gorako tabernek izango dute, erretzea baimendu ezkero leku itxi eta aireztatu bat jarri beharra baitaukate horretarako. Lantegietan ezingo da erre, salbuespenen bat gora behera.

tabakoaren lege berria ari da hautsak harrotzen baina tabernei dagokienean ez dugu aldaketa haundiegirik nabarituko gehienetan. 100 metrotik behera dituzten tabernetan tabernarien esku dago erretzen utzi edo ez eta gehienetan erretzen utziko dute oraintxe arte bezala. Hasiera batean esan zuten adin txikikoak ezingo zirela sartu erre zitekeen tabernetan, baina, legeak dio gaur arte bezala ´heldu batek lagunduta` sartu litezkeela. Aldaketak tabakoaren salmentari dagozkio: lege berriaren arabera, makinetan bakarrik saldu ahal izango dute tabakoa tabernek (puruak ez beste), makinak egokitu egin beharko dira eta erre ezin den tabernetan ezingo da saldu tabakorik. Hernaniko tabernari batek Kronikari esandakoaren arabera ´bihartik aurrera aldaketa bakarra da tabakoa saltzeagatik gehiago ordaindu beharko dugula orain, gainontzean guretzat ez da ezer aldatu`. 100 metrotik gorakoek arazoak 100 metrotik gorako leku erabilgarria duten tabernek ezingo dute taberna osoan erretzeko baimenik eman eta tabernan erre ahal izatea nahi badute leku berezia jarri beharko dute horretarako, fisikoki bereizia eta egoki aireztatua. Gainera, tabernaren %30 baino gutxiago beharko du izan erretzaileentzako gune honek. Gutxi gehiago horrela adierazten du lege berriak eta aldaketarik ezean arazorik haundiena taberna hauek izango dute. Gutxi dira horrenbesteko tabernak eta aukera desberdinak izango dituzte: edo leku bereziak egokitu; edo tabernan erretzen utzi ez; edo 100 metrora arte txikitu leku erabilgarria. Euskal Herriko Ostalaritza Federazioaren gomendioetako bat da itxarotea legeak zein bide hartzen duen ikusi arte, hilabeteak baitaude erabakiak hartzeko. Egokitzeko hilabeteetako epea uzten dute eta bitartean obrarik egin gabe bereizi ahalko dira erretzaile eta ez erretzaileentzako tokiak, Euskal Herriko Ostalaritza Federazioaren arabera. Jatetxe, sagardotegi eta abarretan egoera bera Tabernaz gain, jatetxe eta sagardotegietan egoera berdina izango da legearen arabera. Beraz, 100 metro arteko leku erabilgarria duten tokietan nagusiak erabakiko du erre litekeen edo ez; 100 metro karratutik gorako lekuetan, erretzea utzi nahi izan ezkero, leku berezi bat egokitu beharko dute, fisikoki apartatua eta egoki aireztatua. 16 urtez azpikoei dagokienez, 100 metro arteko lekuetan sartu ahal izango dira heldu batek lagunduta; 100 metrotik gorako taberna edo jatetxeetan erretzaileentzat egokitutako guneetan ezingo dira sartu. Salmenta murriztua Tabakoaren lege berriak erretzeko tokiak ezezik salmentarako guneak ere murrizten ditu. Estankoetan saldu ahal izango da eta baimen berezia duten taberna, jatetxe eta antzekoetan makina bidez (puruak eskura saldu ahal izango dituzte), bertan erretzea baimendua dagoen kasutan. Administrazio zentroetan, osasun zentroetan, kultur etxe, hezkuntzako zentru, kirol gune eta abarretan ezingo da tabakorik saldu. Lantokietan ezingo da erre Lantokietan erretzea erabat galaraziko du legeak bihartik aurrera. Aire librekoak diren lantokietan bai erre ahal izango da, baina, itxiak diren tokietan galarazia egongo da erabat. Zenbaiten arabera, litekeena da etorkizun batean taberna guztietan erretzea ere debekatzea, lantoki ere badiren aldetik, baina, horiek zurrumurruak bakarrik dira oraindik.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!