Kaxkoan ere seinaleak jartzeko asmoa dute, baina oraindik ez dago epe zehatzik.
EUSKO Jaurlaritzak jarri berri ditu Santiago Bidea seinalizatzeko lehenengo markak, Santa Kruzeko Humilategitik hasi eta Portun barrena trenbide ondoko biderantz. Zehazki esateko, Santa Kruz ermita ondoan, Portuko tunelean, Shangaien, Portuko errekako zubi ondoan eta Egaña baserrian jarri dituzte seinaleak.
Bi urtetik honako egitasmoa
Badira ia bi urte egitasmoa aurrera eramateko Udaleko eta Jaurlaritzako arduradunek lehenengo bilerak egin zituztenetik. Bi erakundeen artean Santiago Bideko ibilbidea adostu zuten. Proiektu honen arabera ibilbidea banandu egingo da eta batak bide zaharretik jarraituko luke (Portutik Urnietara trenbide ondotik) eta besteak Santa Barbaratik Lasarte aldera.
Horretaz gain, erakunde bakoitzaren ardurak ere zehazturik daude: Jaurlaritzaren kargu geratu da zona ez urbanoa eta Udaletxearen kargu hirigunea. Hala ere Jaurlaritzak hiriguneko seinalizazio lanak egiteko laguntzak emango ditu. Udala Jaurlaritzarekin harremanetan dago, eta gainerako seinaleak jartzeko epe zehatzik ez badago ere, datorren urtean izango dela aurrikusi dute.
Plaka eta seinaleak
Kronikari adierazitakoaren arabera, zona ez urbanoan egurrezko seinaleak jarriko dituzte, Santiago Bideko ikurrarekin eta bestelako datuekin (distantzia, leku berezien izena...). Zona urbanoan berriz, metalezkoak izango dira plakak. Kale Nagusian eta plazan lurrean itsatsiriko seinale txikiak jarriko dituzte. Guztira 40 seinale inguru izango dira.
Barrualdeko bidea Hernanitik
Santiagoren aztarnak omen zirenak IXgarren mendean aurkitu zituzten eta ordutik hainbat bide erabili dituzte erromesek hara joateko. Ezagunena Frantsez bidea, Orreagatik Iruñea eta Burgosen barrena joaten zen, baina badira beste bi, bata kostakoa eta San Adriangoa edo Barrualdekoa bestea. Azken hau da Hernanitik pasatzen dena, Astigarragatik etorri eta Andoainen Oriako bailara jarraitzen du, San Adriango pasotik Arabara iristeko.
Santiago bideak sekulako garrantzia izan zuen Erdi Aroan, ez bakarrik erlijioari dagokionean, merkataritzari berebiziko bultzada eman baitzion eta garai hartako erregeek sustatua izan zen.
Bide berria Santa Barbaratik. Betiko bidea Floridatik Zinkoenea eta Udaletxera joaten da. Hor, banandu eta bide berri bat irekiko dute, Laubidieta, Alberro eta Santa Barbaratik Lasartera. Bide berria irekitzeko erabakia hartu du Jaurlaritzak betiko bidea N-1ak jaten duelako eta erromesentzat erakargarriago egiteko.
Santiago bidearen aztarnak Hernanin
SANTIAGO Bideko arrasto ezagunenak Santiomendiko ermitarenak dira inguru hauetan. Baina Hernanin badaude Santiago bidearekin lotura duten arrastoak. Eusko Jaurlaritzako Dekretu batek Santiago bidea pasatzen den hainbat monumentu babesten ditu eta horien artean aurkitzen dira Hernaniko Kaxkoa, Fagollagako zubia eta baita Santa Kruzeko Humilategia ere. Leoka garbitokia eta Agustinen komentuko portikoa nabarmentzekoak dira gainera, Santiago bideko ibilbide barruan.
Dekretuak Santa Maria Magdalena ospitalea ere babesten du, baina Udalak Jaurlaritzari azaldu dionez Kale Nagusiko eraikin hau XIXgarren mendean desagertu zen.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!