Aralar alderdiak jakitera eman du hernaniarrentzat interesgarri diren bi diru partida biltzen direla bonobusaren inguruan.
Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa ohar batean Aralarrek bonobusaren inguruan Diputazioko 2006ko aurrekontuetan erabakitakoaren berri eman du. Aralarren hitzetan bonobusaren inguruko bi partida biltzen ditu aurrekontuak, hernaniarrentzat interesgarriak direnak:
- Batetik, foru sareko autobus zerbitzuetan 200.000 euroko diru partida sortu da, bonobus sistema jartzeko. Herri arteko sarea da hau eta Hernani eta Donostia arteko komunikazioa hor sartuko litzateke.
- Bestetik, foru eta udal sareen arteko txartel bakarra bultzatzeko 100.000 euroko diru partida sortuko da eta horrek posible egingo luke txartel bakarrarekin joan ahal izatea Hernanitik Donostiarako edozein auzotara.
Aralarren ekimenez
Bi partida hauek Batzar Nagusietan Aralarrek aurkeztutako zuzenketa batzuen ondorioz lortu ziren, alderdiak berak nabarmendu duenez. Hala ere, Aralarrek nabarmendu du aurrekontuen kontra bozkatu dutela berak ´gai sozialetan gutxieneko adostasunik ez baitugu lortu`.
Jarraipen estua
´Bi partida horiekin lortu dugu behintzat Gipuzkoako aurrekontuetan garraio publikoaren aldeko apustu garbia agertzea` dio alderdi abertzaleak. Hala ere, azpimarratu du gauza bat dela diru partida aurrekontuetan agertzea ´eta bestea martxan jartzea`. Lehenbailehen martxan jartzeko indarra egin eta jarraipen estua egiteko konpromezua hartu du Aralarrek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!