ALKATETZAK bidalitako prentsa ohar batean argitu nahi izan du Mendi Mendiyan
egiten ari dena ez dela igerilekua, ur parkea baizik: ´familian edota banaka
aisialdiaz gozatu eta entretenitzeko, udan hondartzarako autobusean sardin lata
batean bezala joan beharrik ez izateko` adierazi du. Horrekin batean dio ur
parkearena ez dela ´TBEOko asmakizuna` eta beste herrietan martxan dagoen
formula dela eta diote Azpeitian, esate baterako, erabateko arrakasta izan
duela.
Alkatetzak dio ´udan igerileku irekietara joan ezkero ez dela inor ere ikusten
luzeak egiten, ez delako igeri egiteko erabiltzen uraz gozatzeko baizik`.
Errentagarritasuna eztabaidan
Alkatetzak dio proiektu honen errentagarritasunaz eztabaidatzen dutela
batzuek. 2.384.000 euroko aurrekontua du eta Diputazioak 600.000 euro jarriko
ditu. Horren aurrean dio ahaztu egin dutela Udalak ia 2 miloi euro gastatu
dituela Zubipeko zelaia eraiki eta egokitzen. Bi instalazioak aurrez aurre jarri
nahi gabe Alkatetzak dio ´ur parkea erabiliko den hilabeteetan, Zubipek urte
guztian dituen erabiltzaileak biderkatuko dituela`. Alkatetzak dio ´ez duela
inor ezagutzen eskuak burura jaso dituena Zubipeko inbertsio
multimilionarioarengatik`.
Bukatzeko dio hernaniarrek ur parkeari emango dioten erabilerak arrazoia emango
diela instalazio honen alde egin dutenei.