Portu auzoko bizilagunak gustora daude, teleferikoa jartzeko obrak hasi direlako

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 28a, 02:00

PORTUKO auzoa eta Kaxkoa elkartuko dituen teleferikoa jartzeko lanak hasi berriak dira eta gustora daude auzoko bizilagunak, aspaldiko eskari bati erantzuna eman zaiolako. Asmoa da Shangaiko etxetik Udaletxe aldera jartzea teleferikoak igotzeko eta Udaletxetik zerrategi aldera jaisteko. Obra honekin lortu nahi da auzotarrak errazago igo eta jaistea Kaxkora, ibiltzeko arazoak izan litzaketenak bereziki.

Eskailera elektrikoak ez
Urteak dira Portuko auzotarrak igo eta jaisteko zerbait jartzea eskatzen ari zirela. Hasiera batean eskailera elektrikoak jartzea pentsatu zuten, baina, dirudienez, inpaktu anbientala haundiagoa izango litzateke udal teknikarien arabera: ´hemengo klimarekin estalpea egin beharko litzaieke eskailera elektrikoei, arazoak emango bailituzkete bestela; eta tunel moduko hori itsusiegia da eta hondatu egingo luke Leoka ingurua`. Gainera, inguru historiko izendatu dute Leoka eta Kaxkorako igoera eta Europako diru laguntza jaso du proiektuak.

Teleferikoak probatzen
Udaran, auzotar talde bat teleferikoak probatzen ibili da. Hasiera batean, teleferiko irekia jartzea pentsatu zuten eta Montjuic-en probatu zuten teleferikoa. Negurako, ordea, hotzegia izango litzateke eta eskiatzeko pistetara igotzeko horietakoak jartzea erabaki dute, Udal teknikarien oniritziarekin.

Portuko auzotarrak gustora daude eta adierazi dute proiektua martxan jarri izan ez balitz pentsatzen ari zirela festetako astoak aprobetxatzea Kaxkotik auzorako garraiobide berri bat sortzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!