Rekondo: ´BHk pribatizazioaren argumentu faltsura jotzen du engainatzeko`

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 27a, 02:00

JOXAN Rekondo Alkateak prentsa oharra bidali du Hernaniko Kronikara BHk Udal Aurrekontuen inguruan egindako kritikei erantzuten. Rekondoren hitzetan ´BHk bere burua engainatzen du eta are okerrago, hernaniarrak engainatu nahi ditu, kasu honetan udal aurrekontuen kontura`, eta Alkateak dioenez ´BHk pribatizazioaren argumentu erraz zein faltsua erabiltzen du horretarako`.

Lur erresidentziala
Pribatizazioaren inguruan Rekondok dio BHk besteei eskatzen diela ´beraiek aginduan egon diren bitartean egin ezin izan dutena`. Bere hitzetan ezker abertzaleak aprobetxamendu urbanistikoei zegokion lur erresidentzialari ´uko` egin zion ´3 milioi eurotan baloratua`, dio.
Etxebizitza babestuen inguruan, Batasuna agintean zegoenean Alkatearen ustez ez zen ´tajuzko promozio bakar bat ere bultzatu`.

Gas Hernani-ren salmenta
Oharrak dionez Udaletxeak ez du enpresa honen etekinen ´xentimo bakar bat ere ikusi`. Rekondok dio enpresa honen estatutuak Batasuna agintean zegoenean sinatu zirela eta bertako klausula batek ´kanpoan uzten du Udaletxea, etekinen banaketan`, dio. Gas Hernaniren partizipazioa saltzea horregatik erabaki da, oharrak dioenez: ´Gas Hernani sortu zen gasa herrira ekartzeko eta helburu hori bete da, pentsatu dugu momenturik egokiena hau dela salmenta egiteko, ez baitu inolako etekinik ematen`. Alkatearen hitzetan bertatik ateratako errekurtsoak ´ondare publikoa hobetzeko balioko dute`.

Bonobusa
Bonobusaren inguruan kolaboratzeko prest azaldu da, baina dio Diputazioaren eskumena dela hori. Bestetik Aurrekontu sozialak badirela erantzun du Rekondok: ´auzo elkarte gehienen parte hartzea izan dute, eta amaierako Aurrekontuetan jasotako aportazio interesgarriak egin dituzte`, dio.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!