´Gizonezkoak gara sexismoaren soldaduak eta horri intsumisioa egiteko prestatu nahi dugu tailerrean`

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 27a, 02:00

 

SEXISMOAREN inguruan tailerra antolatu du Berdintasun Kontseiluak. Izan ere gizartean berdintasunaren bidean aldaketak eman diren arren, oraindik ere gizon eta emakumeak eredu ezberdinetan hazten dira eta asmoa da gizonek beraien artean hitz egin eta hausnartzea, eredu hauek hautsi eta berdintasunaren aldeko jarrerak bultzatzeko. Tailerra gidatuko du Ibon Arrizabalaga de Mingok.
Tailerra asteartero izango da, urtarrilaren 10ean hasi eta martxoaren 28ra arte, Biteri kultur etxean. Ordu eta erdiz ariko dira, arratsaldeko 19:00etatik 21:30etara. Izena emateko epea urtarrilaren 4an bukatzen da eta horretarako harremanetan jarri behar da dinamizatzailearekin, telefono honetara deituta: 628 775 954 edota mezu bat bidalita helbide elektroniko honetara: ibion@yahoo.es

Tailerraren helburuak
Ibon Arrizabalaga de Mingok azaldutakoaren arabera, tailer honen helburua da batetik informatzea: ´informazioa jaso eta ikasteko gunea izango da batetik lantegi hau, sexismoaren inguruko gaiei buruz: gizon eta emakumeen heziketa desberdina, ondorioz gertatzen den banaketa bidegabea, harremanak, bortizkeria, lanaren banaketa eta abar`. Horrekin batera aztertuko dute egoera horri nola egin aurre, ´orain arteko bide okerra moztu eta giza-harremanak zuzentzeko zer egin pentsatuko dugu` dio. Bestetik lantegi honen 3garren helburua izango litzateke gizonen arteko topalekua izatea: ´gizartean gizonek ez baitute gai hauen inguruan hitz egiteko aukera ezta ohitura haundirik izaten eta gune hau eskaini nahi da gai horiei buruz hitz egiteko`azaldu du dinamizatzaileak.
Laburbilduz, Ibon Arrizabalaga de Mingok dio gizonezkoak direla sexismoaren soldaduak, zapaltzaileak, eta tailer honetan horri intsumisioa egiteko bideak jarri nahi direla.

Landuko diren gaiak
Gizonentzako tailer honetan sexismoaren inguruko gaiak landuko dira: gizon eta emakumeen rolak eta heziketa; emakumeen zapalketa eta sexismoa; gizonak zapaltzaile izatera iristeko zein baldintza ematen diren; harremanetan sortzen diren arazoak; sexismoak gizartea egituratzen duela: lana, osasuna, politika...; bortizkeria; feminismoa eta homosexualitatea.

Gizonezkoak bakartu bitarteko bezala
Tailerra gizonezkoentzat da bakarrik eta horren inguruan Ibon Arrizabalaga de Mingok azaldu du ´gizonak emakumeekin daudenean fanfarroneatzeko joera izaten dute, direna baino gehiago erakusten dute, erakargarriagoak direlakoan. Bestetik, emakumeak jasan duten guztiagatik, zaila egiten zaie gai hauei hitz egitea gizonezkoei errua bota gabe. Asmoa da gizonak bakartzea, bitarteko bezala, harremanak beste era batera planteatzeko`.

  ´Gizartean aldaketak eman diren arren ezin da esan berdintasuna lortu denik. Neskak eta mutilak oso eredu ezberdinetan hezten ditugu oraindik ere. Asmoa da orain arteko bide okerrak moztu eta zuzentzeko zer egin dezakegun pentsatzea`

´Asmoa da gizonak bakarrik biltzea, emakumerik gabe, bitarteko bezala harremanak beste era batera planteatzeko`
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!