HERNANIK eta Zestoak 1-1 berdindu zuten larunbatean Zubipen eta emaitzak
erakutsi bezala partidu berdindua eta gogorra izan zen. Zestoak sartu zuen
lehendabiziko gola, lehenengo zatiko luzapenean, penaltiz. Hernaniarrek bigarren
zati bukaeran berdindu zuten, korner batean Javi Gomezek sartutako golari esker.
Berdindua eta gogorra
Partidu guztia izan zen tankerakoa. Bi taldeek elkarri neurria hartu ezinda
jokatu zuten, gogor eta lekurik galdu gabe. Zestoak gola sartuta, hernaniarrei
tokatu zitzaien atakatzea eta Zestoak eginahalak egin zituen emaitzari eusteko.
Zestoarrak erakutsi zuten talde beteranoa eta egina daukatela eta lan haundiak
eman zizkien hernaniarrei.
Partidu bukaeran, Hernanik aukera gehiago izan zituen Zestoak baino eta joku
hobea erakutsi zuen baina ez ziren gai izan hiru puntuak lortzeko. Enpatea eta
puntua. Denak gustora.
Labaien memoriala
Jubeniletan Hernanik Labaien memorialeko finala jokatu zuen larunbatean
Zubipen eta Errealak irabazi zion, penaltietan. Erreala joan zen aurretik 0-1 ia
partidu osoan eta luzapeneko hirugarren minutuan enpatatu zuen partidua Hernanik,
Josu Apaolazaren gol bati esker. Penaltietan gol baten aldearekin irabazi zuten
txapeldunek.
Urtero antolatzen du CD Hernanik Juantxo Labaien memoriala eta lau taldek
hartzen dute parte. Finaleko partiduaren ondoren Labaien zenaren familiakoek
finaleko jokalari onenari saria ematen diote eta aurten Errealeko Julio Pardok
jaso du saria.