Joxan Rekondo - Alkatea: «Aurrekontuak jarraitzaileak dira eta integrazio haundia lortu dute»

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 24a, 02:00

2006rako udal aurrekontuak jarraitzaileak direla adierazi du Joxan Rekondo Alkateak. Rekondok argitu du, ordea, jarraitzaileak direla auzoak eta azpiegiturak berritu eta zerbitzuak hobetzeko konpromisoari eutsi egiten dielako, Kronikari adieraziaren arabera. Sandiusterri haunditzeaz gain, auzoak berritzeko prozesuaren barruan, 2006an Udalak Arrigoainpeako urbanizazioa berritzen inbertituko du diru partida garrantzitsuena. Mendi Mendian egiten ari diren ur parkeari dagokionez ere, Rekondok gogoratu du bi urtetan finantziatzeko azpiegitura zela.
Inbertsio asko «zerbitzu asko zabaldu eta hobetzeko egingo dira» Rekondoren esanetan. «Zaharren Egoitza haundituta pertsona askoren bizi kalitatea hobetu egingo da. Kiroldegian ere inbertsio haundiak egingo dira teilatua berritzen, eta tenis pista estaltzen. Berez, horiek zerbitzu berriak izan ez arren, zerbitzua hobetu eta zabaldu egingo dute» dio Alkateak.

«Integrazio haundikoak»
2006rako udal aurrekontuak EA-EAJ eta EBren aldeko botoez gain, PSE-EErenak ere jaso zituen eta PP abstenitu egin zen. Alde horretatik, Joxan Rekondo Alkateak nabarmendu du «integrazio maila haundiko aurrekontuak direla eta Hernaniko gehiengo adierazgarri batek onartu» dituela. Era berean, adierazi du Bildu Hernaniri aurrekontuen informazioa bidali zaiola eta jakinaren gainean egon dela. BHk aurkeztutako zuzenketaz balorazioa egingo duela iragarri du Alkateak.
Azkenik, 2006ko Aurrekontuen gainean, Rekondok azpimarratu du bigarren urtez segidan urtea hasterako onartu direla, eta hori berria dela Hernaniko udalean, eta gestio onaren adierazgarri.

Patronatuak
Andoni Amonarraiz Ongintzako buruak nabarmendu du aurrekontu horiekin Patronatua saiatu dela ahalik eta behar sozial gehienak betetzen. Adibide gisa jarri du etxez etxeko laguntzan Diputazioak 29.000 ordu ordaintzen dituela eta Ongintzak 41.000 emango dituela. Bestalde, Iñaki Barrio Kirol Patronatuko buruak nabarmendu du «exitoa dela aurrekontua osoko zuzenketa gabe ateratzea». Barriok azpimarratu du bi urtean kiroldegiko teilatu osoa berrituko dela eta zerbitzuak haunditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!