2006rako Udal Aurrekontuak - Inbertsioak

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 24a, 02:00

Sta Barbaran Arrigoainpeako urbanizazioa, Sandiusterri haunditu eta kiroldegiko teniseko pista estali, 2006rako inbertsio nagusiak
Denera, 4.568.480 euroko inbertsio partidak onartu ditu Udalak 2006garren urterako, iaz baino %25 gehiago.

UDALAK eta bi Patronatuek onartu berri dituzte 2006ko aurrekontuak. Hiru erakundeen artean 28.412.840 euroko aurrekontu kontsolidatua dute, eta horietatik 4.568.480 euroko partida dago inbertsiotarako. Diru kopururik haundiena Sandiusterriko erresidentzia haunditzeko izango da, ia 700.000 euro denera. Egoitza haundituta, ordea, ez da printzipioz behintzat erresidentzian pertsona gehiagorentzat tokirik izango, legeak agintzen duen beharretara moldatzeko anpliazioa baita.

Oraindik proiektua bukatu gabe badago ere, Andoni Amonarraiz Ongintza buruak aurreratu du hiru alturako edifizioa izango dela (oraingoaren ondoan). Obra berriak Eguneko zentroan beste 20 pertsonentzako lekua izatea ekarriko du eta 50 toki izango dira denera. Azpiko plantan, berriz, beren kasa moldatzeko gauza diren senar-emazte edadetuentzat apartamentuak jarriko dituzte. Azken diseinuak esango du zenbat. Obra Udala eta Diputazioaren artean finantziatuko dute. Proiektua datorren urtarrilerako egongo da eta obrak 2007an egitea espero du Patronatuak. Gainerakoan, Ongintzan 140.000 euroko inbertsioak egingo dira, batez ere ekipamenduetan.

Arrigoainpeako urbanizazioa
Auzoak berritzeko programaren barruan, Udalak 615.000 euro inbertituko ditu datorren urtean, Santa Barbara auzoko Arrigoainpea inguru guzti horretako urbanizazioa berritzen: zorua, argia, ur-saneamenduak... Urbanizazioa berritzeko proiektua bera oraindik egiteko dago eta obrak ez dira udara aurretik hasiko, Andoni Amonarraiz Herrilan zinegotziaren esanetan.

Frontoiko teilatua berritu eta teniseko pista estali
Kiroldegian 919.000 euroko inbertsioak egitea dago aurrikusita 2006ko aurrekontuetan. Jakinekoa da kiroldegiko teilatua ez dagoela egoera onean eta joan den urtean dena berritzeko proiektua egin zen. Obra fasez fase egingo da. 2006an frontoiko teilatua berrituko dute, eta teniseko pista estali. Bi lanek 775.000 euroko aurrekontua dute. 2007an, berriz, kiroldegi erdiko bi teilatu zatiak berritzea da helburua, Iñaki Barrio Kirol Patronatuko buruak Kronikari adierazi dionez. Teniseko pista estalian bi gela haundi joango dira. Batean karate, judo eta antzeko kirolak. Bestean, Barriok badu asmo jakin bat, baina erabat lotzean azalduko du.

 

2006rako Inbertsio partida nagusiak

Sandiusterri haunditzea
Arrigoainpea berritzea
Ur Parkea (aire libreko piszinak)
Kiroldediko tenis pista estali
Kiroldediko frontoia sapaia berritu
Agustinak-Zinkoena urbanizazioa
Herri bideak berritu
Kiroldegiko teniseko pista
Goiz Eguzki parkea berritu
Kiroldegiko tenis pistako lurra
Auzobideak eta kaleak
Etxeak egiteko lurra 
Zenbait udal eraikin berritu

300.000 euro etxebizitzak egiteko lurra erosteko
PSE-EEk eta PPk egindako zuzenketak negoziatuta etorri da partida hori. 2006rako onartu den partidarekin, Udalak 750.000 euro ditu etxeak egiteko lurra erosteko, azken urteotan horretarako gorde dena ez baita erabili.

2006rako udal aurrekontuek 300.000 euroko partida izango dute etxebizitzak egiteko lurra erosteko. Gobernuaren aurrekontu proposamenean ez zetorren partida da eta PPk eta PSE-EEk egindako eskaritik etorri da emaitza. Berez, Alderdi Sozialistak 1.300.000 euroko partida eskatu du (Gas Hernaniko udal partizipazioa saltzetik jasoa) eta PPk ez du kantitate jakin bat zehaztu. Azkenik, 300.000 euroko zuzenketa transakzionala eginda etorri da adostasuna. Oposizioaren kritikak jaso arren, azken urteetan Udalak 750.000 euroko partida dauka etxeak egiteko lurra erosteko, aurreko urteetako partidak ez baitira erabili. Etxebizitza Sailak Arauak berritzeko prozesua jo zuen egoera horren erantzule, aurrekontuetako Plenoan.


 

Zinkoenea berria eta Kaxkoa arteko zatia berritu eta zabor kontenedoreak lurpean sartuko dituzte
Udalak 423.000 euro gorde ditu Zinkoeneako kiosko inguru hori egokitzeko.

AGUSTINAK-Zinkoenea inguruan martxan dauden obrak bukatuta, azkeneko zati bat geldituko da zona berritzeko: Zinkoenean egin duten plaza berri horretatik Kaxkoko sarrerara bitartekoa, Kiosko inguru hori guztia. Zati hori datorren urtean bertan egiteko asmoa du Udalak eta horretarako 423.000 euroko partida jarri du inbertsioen kapituluan. Urbanizazio lanak egiteaz gain, zabor kontenedoreak lurpean jarriko dituzte, Udalak Kronikari adierazi dionez. Obrak ez dauka epe zehatzik. Oraindik proiektua egiteko dago eta gero tramitazio osoa pasa beharko du. Gauzak horrela, Udalak ikusten du gutxi-gora behera datorren udazken alderako etorri litekeela Zinkoenea inguru hori berrituko duen obra.


Ur parkea bukatzeko 509.000 euro gehiago 2006an
Ur parkearen proiektuak 2.384.000 euroko aurrekontua du eta zati haundiena iazko aurrekontuetan sartu zen.

Igerileku irekiak (orain Ur parkea da proiektuaren izendapen ofizial berria) egiteko proiektua bi fasetan ordaintzekoa zuen Udalak. Denera, 2.384.000 euroko proiektua egiten ari da dagoeneko, eta datorren urteko aurrekontuetan 509.000 euroko partida jarri du, inbertsioen kapituluan. Beste zatia, 2005eko aurrekontuan sartua dago.
Obrak dagoeneko martxan daude eta Udalaren asmoa da udara erdialderako bukatuta egotea, hori aurreratu baitio lanak egiten ari den enpresak, Udalak Kronikari adierazi dionez. Hala ere, argitu du kontratuan zehazten duela abuztua azkena dela bukatzeko epea.


Goiz Eguzki parkea berritu egingo dute, goia eta behea

2006rako udal aurrekontuek 120.000 euroko partida aurrikusi dute Goiz Eguzki parkea goi eta behe berritzeko. Azpikaldeko zatia da premiarik haundiena duena eta hor joango da 120.000 euroko inbertsioa. Lekua egokitzeaz gain, bolatokia ere jarriko dute bertan txapelketa ofizialak jokatzeko modukoa. Andoni Amonarraiz zinegotziak adierazi du proiektua egina dagoela, beraz obrak hilabete gutxiren buruan hasteko moduan izango dira.
Udalaren eta Ongintzaren asmoa da (bien artean finantziatuko baitute lana) parkearen goiko zatia Udaletxeko brigadak berak berritzea.

     

Biyok-en argazki artxibo osoa Hernaniko herriarentzat
 


Luis Llopis Biyok argazkilariak Hernaniko herriari utzi dio berak eta emazte zenak osatutako argazki artxibo osoa. Zalantzarik gabe, azken 50 urteetako Hernaniko historiaren lan grafikorik aberatsenetakoa. Udala aztertzen ari da orain argazki artxibo mardul hori nola antolatu eta zer erabilpen eman, eta 2006rako aurrekontuetan partida bat jaso du horretarako.

     

Beste zenbait inbertsio eta proiektu egiteko diru partidak
 


2006rako udal aurrekontuak beste inbertsio eta proiektu txiki asko ere biltzen ditu. Hona hemen horietako batzuk. Udaletxean, beheko plantako leihatila itxi egingo dute. Portu eta Loidi arteko argia hobetzeko partida sartua dago eta Larramendi kalean saneamendu obrak egingo dituzte.
Trafiko azterketa egiteko partida ere biltzen dute aurrekontuek, beste hainbat proiektuen azterketak egiteko bezalaxe: Santa Barbarako gotorlekua berreskuratzeko proiektua Udaletxe atzeko plazatxoa berritu eta zabor kontenedoreak lurpean sartzekoa, Aristizabal kaleko irisgarritasuna, Mañe y Flaquer plaza, besteak beste. Antziola auzoa eta Lizeaga kaleko urbanizazioak berritzeko proiektuentzat ere badaude partidak, eta bidegorri zati berrien proiektuak egiteko ere bai.

     

Landaren eta Zubipen gasa sartu eta argi instalazioa aldatuko dute



Landaren zortzi argi torreta berri jarriko dituzte. Zubipen Gureolatik sarrera ere berrituko dute.
 

     

350.000 euro herriko talde eta auzo elkarteentzat



DIRULAGUNTZA kontzeptuan 350.000 euro inguru jasoko dituzte herriko talde, elkarte eta auzo elkarte guztien artean, (kirol elkarteak aparte) aurrekontu berriaren arabera. Laguntza horietako batzuk zuzenekoak dira, besteak auzoetako jai eta kultur ekintzak antolatzeko. Denera, 27 talde ingururen artean banatuko dituzte laguntza horiek.

     

Ereñotzu eta Fagollaga arteko oinezko bidea
 


UDALAK urtero sartzen du mendi bideak edo herritik kanpoko bideak berritzeko partida bat. 2006an, 275.000 euro inbertituko ditu Udalak zeregin horretan, eta hiru bide berrituko ditu: Ereñotzu eta Fagollaga arteko oinezko bidea, Latxe-Izeneder-Bentatxuri bidea, eta Elizaldeena-Usategieta bidea.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!