«Seme-alabekin hitz egin eta gizartean integratzeko ikasi nahi dugu euskara»

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 23a, 02:00

Iaz jarri zuten martxan hainbat erakunde publiko, elkarte eta euskaltegien artean inmigranteak euskara klaseak jasotzeko ekimena. Aurten esperientzia hori errepikatu nahi izan dute eta ikasle askok eman du izena horretarako. Kronikak AEK-n dabiltzan Antonio Pereira eta Anabel Padilla elkarrizketatu ditu. Noiztik bizi zarete bertan? Ba al zenuten lehenago euskararen berri? Antonio Pereira: Ni Angolakoa naiz baina 12 urte daramazkit Euskal Herrian, horietatik 4 Hernanin. Banuen euskeraren berri, lehenago 3 hilabetez hemen izan bainintzen behin betiko etorri aurretik; esaldi solte batzuk ere egiten nituen euskaraz. Anabel Padilla: Nere kasua ezberdinagoa da. Zazpi urte daramazkit hemen eta euskararen berri jakin nuen nire senarra hemengoa delako, Mich hurakana zela-eta euskaldun asko joan zen Nikaraguara laguntzera eta harreman sendoa sortu zen. Eta zerk motibatu zaituzte euskara ikastera? A. Padilla: Nik familia bat osatu dut hemen eta nere seme-alabekin euskaraz hitz egin nahi nuke. Gainera euskara ikasteak ate asko irekitzen ditu gaur egun. A. Pereira: Bai, nik uste dut bertako gizartean integratzeko modu bat gehiago dela euskara ikastea. Nola jakin zenuten euskara ikasteko programa hau bazela? A. Padilla: Ni lagun batzuek animatu ninduten Udaletxera informazio bila joateko, eta hala egin nuen. A. Pereira: Neri berriz gutun bat bidali zidaten Udaletxetik eta ordutegia bateragarria zela ikusi nuenez izena eman nuen. Zaila iruditu al zaizue? A. Pereira: Nik lehenago banekizkien esaldi batzuk eta uste nuen errazagoa zela, baino ikasten hasi naizenean ikusi dut uste baina zailagoa dela hizkuntza hau, gramatika erabat ezberdina baita. Hala ere, klase bakoitzean zerbait ikasten da eta asko aurreratzen ari gara. Klaseak gustokoak izango dira... A. Padilla: Bai bai, klase dinamikoak dira eta gure artean asko hitz egiten dugu ikasitakoa ez ahazteko. Orduan, euskara ikasteak balio izan dizue zerbaitetarako, merezi du? A. Pereira: Dudarik gabe, baliagarri izan daitekeen hizkuntza bat gehiago da, baina horretaz gain elkarbizitzarako laguntzen du... A. Padilla: ...Euskara jakinda bertako bat gehiago bezala sentitzen zara. A. Pereira: Ni gustora nago klaseekin baina uste dut ordu gutxi direla, irailean hasi ginen eta astean lau ordu egiten ditugu. Nik ordu eta erdi egin nahiko nuke egunean, gehiago aurreratzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!