Plenoak 2006ko udal aurrekontuak onartu ditu, hirukoa eta PSE-EEren aldeko botoekin

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 22a, 02:00


 

ATZO onartu zuen Plenoak 2006ko aurrekontu proiektua, 28.834.000 euro aurrikusten dituena. Udalari berari dagokiona 24.888.000 euro dira; Ongintza Patronatuari 5.825.000 euro dagozkio; eta Kirol Patronatuari 2.310.000 euro. Ongintza Patronatuak eta Kirol Patronatuak parte bat udaletik jasotzen dute eta beste parte bat berak gestionatzen dute; hortik, Udalaren aurrekontu osoa, 28.834.000 euro izatea. Hiruko gobernuak (EA, EAJ eta EBk) eta PSE-EEk aldeko botoa eman zuten eta PP alderdia abstenitu egin zen.

Inbertsio nagusiak
Zaharren Egoitza haunditzea, Antziola, Lizeaga, Arrigoainpea eta Agustina-Zinkoenea inguruko urbanizazioak berritzea eta Goiz Eguzki parkea berritzea izango dira aurtengo inbertsio nagusienetako batzuk. Horrez gain, aire libreko igerilekuen obren jarraipena eta ingurugiroan inbertituko dituzten 166.000 euroak ere azpimarratu ditu hirukoak, onartu berri dituzten aurrekontuetan. Inbertsioetan 6 miloi euro aurrikusten dituzte aurrekontuek, Udal gobernuaren hitzetan, ´diru sarrera propioen gestio onari eta Diputazio eta Eusko Jaurlaritzarekin Udal honek dituen harreman onari eskerrak`.

PSE-EEren lau emendakin
Gobernu taldeak PSE-EE alderdiak egindako lau emendakin sartu ditu 2006ko aurrekontuetan. Lehenengoa da Karabelen Renfeko lurretan egingo dituzten aparkamentuen bigarren fasea datorren urterako aurreratzea; bigarrena, herrian energia berriztagarri instalazio gehiago jartzeko aukera ikusteko azterketa bat egitea; hirugarrena, jendearen harrerarako leihatila bakarra jarri litekeen ikusteko azterketa bat egitea; eta laugarrena, lurra erosteko, 300.000 euroko partida berri bat sortzea, babes ofizialeko etxeak egin ahal izateko. PSE-EEko ordezkariek esan dute aurrekontu hauek ez direla berak erabat nahiko lituzketen bezalakoak, baina, nahiko aldekoak direla eta ´konfiantza boto bat` emango diela. Lau emendakinak onartu izana azpimarratu zuten PSE-EEko ordezkariek eta aldeko botoa eman diete datorren urteko aurrekontuei.
Honen inguruan, Joxan Rekondo alkateak azpimarratu du ´aurrekontuek izan duten kontsentsu zabala`. PSE-EEren negoziaziorako jarrera irekia nabarmendu du eta proiektuan auzo elkarteen parte hartzea izan dela esan du eta beren eskaera asko biltzen dituela testuak.

PP abstenitu
PP alderdiko kide bat azaldu zen plenora eta abstenitu egin zen, 2006ko aurrekontuen botazioan. Bere hitzetan, berak egindako bi emendakin sartu dituzte aurrekontuetan: bata etxebizitza babestuak egiteko lurra erostekoa eta bestea kooperazio proiektuetarako partiden kontrol zorrotzagoa egiteko modua aztertzea. Horrez gain, badira beste zenbait emendakin aurrekontuetan sartu ez direnak eta PP horregatik abstenitu da.
 
 

.



Inbertsioen atalean biltzen ditu zaharren egoitza haunditzea, Antziola, Lizeaga, Arrigoainpea eta Agustina-Zinkoenea inguruan urbanizazioa berritzea eta Goiz Eguzki parkea berritzea
.


 

 
Bildu Hernani kontra
Bildu Hernani plataformak osoko zuzenketa aurkeztu zien aurrekontuei. Atzo prentsaurrean azaldu zutenez ez dira aurrekontu demokratikoak ´ez dutelako inorekin kontatu aurrekontuak egiteko, ez herritarrekin eta ez BHrekin`. Besteak beste salatu dute Gas Hernani saldu den modua, Akarregin ere bi udal pabiloi saldu izana eta igerilekuak egiten hastea ´nahiz eta lehentasuna izan ez, eta hasierako aurrekontua bikoiztu`. Horrez gain diote, aurrekontuak puztu egin dituela udal gobernuak ´sarrera batzuk bete ez arren`. Politikarien soldata eta dietetan 360.000 eurotik gora gastatzen direla ere salatu du BHk eta baita aurrekontuak onartzeko Plenoa goizeko 09:30etan jarri izana ere ´herritarrak ordu horretan joan ezin direlako`. yy
(Aurrekontuei buruzko erreportaje zabalagoa, larunbatean)

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!