PRENTSA aretora Mendiluze izan zen azaltzen lehena, gero
beste zazpiak, Iñaki Muruarekin batera. Egun osoan buruari eragiten ibilita
ere, indarra izan zuten kazetarien galderei erantzuteko; azken tramitea,
ondorengo festa eta ospakizunak hasi aurretik.
Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Iñaki Murua, izan zen hitz egiten lehena,
bertsolariei zoriondu zien ´egun zoragarria pasarazi digutelako`, modu
berean epai mahaikideak ere zoriondu zituen Muruak ´egindako lanagatik`,
baita gai jartzaile eta gai emaileak ere.
Egaña hurrengo txapelketan izango ote?
Andoni Egañak hartu zuen gero hitza. Txapeldunak adierazi zuenez ez du
batere sufritu txapelketan: ´Saiatu naiz errimek eta neurriek ez gain
hartzen eta lagunez eta giroaz gozatzen`, esan zuen. Datorren txapelketarako
asmoez galdetuta Egañak azaldu zuen oraindik ez dakiela zer egingo duen
´pare bat urte behar ditut pentsatzeko, orain ezin dut ezer esan`.
Maialen Lujanbio sentsazio ´arraroarekin` izan zen egun guztian, nekatuta,
nerbioengatik agian eta ´ezin batean`, hernaniarrak adierazi zuenez
´gutxitan izan dut horrelako sentsazioa tablatuan`. Txapelketaren inguruan
adierazi zuen ´eskaparate haundi bat` dela eta berebiziko garrantzia duela,
baina bertsolaritzaren oinarria ´asteroko plaza` dela ere adierazi zuen.
Aitor Mendiluzek balorazio ´gazi-gozoa` egin zuen bere lanari dagokionez.
Esan zuen ´lasai` atera zela oholtzara eta modu berean harro sentitzen zela
lagunekin eta bertan kantatzeagatik.
Iturriaga eta publikoaren olatua
Iturriagak, txapeldunordeak, azaldu zuen giro berezia izan zela
igandekoa ´oso plazakoa` eta azaldu zuenez publikoak egindako olatuak ez
ziren bertsolaritzaren futbolizazio bat izan ´beste zerbait izan zen, guk
oso gogor sentitu dugu giro hori`.
Amets Arzallusek berriz, azaldu zuen nahiko lasai egon zela saio osoan eta
kosta egin zitzaiola momentuaren garrantziaz ohartzea. |
Aitor Mendiluze:
´Harro sentitzen naiz lagunekin eta bertan
kantatzeagatik, harro batez ere`.
Maialen Lujanbio:
´Gauza bat dira emaitzak eta bestea norbere
sentsazioa. Ezin esan nerea sentsazio ona izan denik, arraroa izan da.
Nekatuta egon naiz nerbioengatik`.
J. Maia:
Zortzigarren 13.000tik ez da postu txarra.
|