Bihar, Santo Tomas... txistorra eta ogia

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 20a, 02:00

Joan den igandean lehenengo ospakizunak izan ziren Hernaniko hainbat lekuetan.

AURTEN astegunez tokatu da hilaren 21a, Santo Tomas eguna, horregatik, Hernaniko hainbat lekutan jaia aurreratzea erabaki zuten. Modu horretan, igandean txistorra jan eta sagardoa edateko aukerarik ez da falta izan herrian. Orkolagan, urtero ohi denez, txistorra jana izan zen eguerdian eta arratsaldean berriz kontzertuak, giro paregabean. Plaza Berrian erromeria polita antolatu zuten eta dantzan ere animatu San Joan Konpartsaren eskutik. Sorgintxulon eguerdi partean txistorra jan eta sagardoa edateko aukera izan zuten baita ere, auzokoek eta kanpokoek.

Bihar, Santo Tomas eguna
Santo Tomas festak bihar du jarraipena, santuaren egunean. Gutxi izango dira txistorra jan gabe geratuko direnak, lanean edo ikastetxean. Inmaculadan esaterako urtero bezala azoka egingo dute 10:30etatik 12:00etara, txistorra, taloak jateko eta barazkiak salgai egongo dira, gainera Santo Domingora dirua bidaltzeko Merkatu Txikia izango da eta bidezko merkataritzako postu bat. Inmaculadatik herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara. Gazte Txokoan, Zaharren Egoitzan eta Jubilatu Etxean ere txistorra jana izango da, azken honetan udazkeneko karta jokoetako txapelketaren trofeoak banatuko dituzte gainera, goizeko 11:00etan hasita.
Bestalde, aurtengo Bertsolataren barruan Kale Antzerkia izango da herrian barrena txistorraren inguruan, arratsaldeko 19:30etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!