Euskadiko Kutxak euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatu du

Kronika - Erredakzioa 2005eko abenduaren 20a

Hitzarmena Hernani, Astigarraga, Lasarte, Urnieta eta Andoaingo Udalekin adostu da.

ATZO sinatu zuten Euskadiko Kutxako eta Buruntzaldeko bost Udalerrietako arduradunek (Hernani, Lasarte, Astigarraga, Andoain eta Urnieta) erakunde honetan euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena, Donostian.
Lau urterako hitzarmena da eta honen bidez bost Udalerrien eta Euskadiko Kutxaren arteko harremanak euskaraz izatea da helburua. Modu berean Euskadiko Kutxa bezeroei euskaraz zuzenduko zaie lehenik eta zerbitzuak, kartelak eta gainontzeko publizitate eremuak euskara hutsean diseinatuko dituzte. Barne agiriak ere euskaraz idaztea dute asmoa, hitzarmen honen bidez. Langileak kontratatzeko garaian euskara jakiteari garrantzi berezia emango dio erakunde honek eta heziketa ikastaroak sustatuko ditu.

Euskaldunen baliabideak
Hitzarmen honekin Buruntzaldeko Udalek herritar euskaldunei baliabideak eman nahi dizkie beren hizkuntzan adierazteko, euskarazko komunikazioa sustatuz.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!