BERTSO maila ona izan zen atzo BECen eta bertsolari guztiek utzi zuten gogoan
hartzeko aleren bat; batzuek bat baino gehiago. Goizean Maialen Lujanbiok
hasiera ona eman zion saioari, agurretik hasita:
Pasa Max Center, pasa Dechatlon, Ikea ta BEC azaldu
aurrez Baluarte, Tabacalera,
eta Guggenheim zapaldu
mila miloien kultur eredu
negoziotik ez salbu
eskaparate dizdiratsuak
nahiz ta oinarria saldu
gu ez gera hau, denda txikiak,
saio txikiak gara gu
gu ez gera frantses, gaztelera, ingles
gureak hots xumea du,
baina hona etorri ta betetzeko
konplejurik ez daukagu.
Ofiziotan, Iturriagak eta biek saio polita egin zuten aspaldiko partez
elkarrekin bakarrik dauden bikotearen paperean. Maialenek perla hau utzi zuen:
Ez da bat eta ezta bi ere
hiru, ta hiru da hiru.
Hiru neke ta hiru lan karga
bider hiru: zenbat diru.
umeak nola gainetik kendu
pentsatzen gabiltz beti gu
ta orain bakarrik geratu eta
ia zer ein ez dakigu
Iturriaga eta Sustraik nagusia eta langilearen paperean kantatu zuten. Iturriaga
langilea Sustrairekin dijoa kotxean eta bildurtuta doa abiadurarekin.
...zanpa zazu balazta
hara! hara! hara!
hori ertzainen kotxe
kamuflatu bat da
Sustrairen erantzuna:
...aizu horiek dira
nere bizkarzainak
enpresa berekoak
baitira ertzainak
Iturriagak bukaera:
...botaka egin behar dut
ta ez da nire kulpa
hara zure Audia
proletariatuta
Eta Sustraik errematea:
...egin zazu botaka
utzi zazu marka
gaur zu zaude botaka
ta bihar botata
Aitor Mendiluzek goizean bota zituen bakarkakoek jendeari barrena mugitu zien,
gaur begiak bustita dauzkazu gaiarekin:
...pentsatuz beste aukera
nola irtengo ote da
bigarrena ere galdu genuen
ilusioaz batera
baina orduan ere zergatik
ez zen malkorik atera
Halere Idoia animatzeko
hartu nuen nahiko kemen
bere gogoa, bere indarra
ez baizen oso nabarmen
holakoetan aitaren lana
babes ematea omen
eman nuen bai baina neuk ere
beharra sentitu hemen
pasa zaionak ondo badaki
haurtxo bat galtzea zer den
baina bi galdu ondoren
horra Jontxu non dagoen
eta malkoak atera zaizkit
eskuz estali baino lehen
zuk lasai seme utzi negarrez
aspaldi egin nahi nuen
Arratsaldekoa
Arratsaldean azpimarratzeko moduko bertso asko joan zen. Adibidez, ofiziotan
Amets eta Unai soldadu zaharra eta gaztea. Trintxeretan daude eta etsaia
inguratzen. Gerra galtzera dijoaz. Bat urduri dago eta bestea ez.
Unaik:
...zuk aditu ondo zaharra
etzazu pasatu marra
hildako ausarta baino hobea
da bizi koldarra
Edo:
...ze tiro ta ze ostia!
hau da munduan uzkia
bulegon baten erabakita
daukate guztia
Ametsek:
...bulegoko irudia
ahaztazu berdin du ia
zapia baino nahigo dut nik
maindire zuria
Edo:
...galtzen badugu zergatik
badakizu ta badakit
koskabillorik ez daukazuen
soldaduengatik
Bakarka Lujanbiok hau bota zion, entrenatzaile paperean, lurjota zegoen
jokalariari:
Zure galtzamotx zure galtzerdi
ta margo horiko peto
Ronaldiñoren botak jantzita
etorri zera konpleto
porteriaren azpian zeunden
baloi guzien menpeko
baina dexente sartu zaizkizu
eta zu lurjota seko
ez egin negar hiru gol triste
direla eta tarteko
ez naiz nekatzen adorea dut
lasai lasai esateko
aurrena galtzen ikasi behar da
irabazten jakiteko.
Iturriagaren bakarkakoa ere polita izan zen. Gaia: zure urtemuga eguna da.
Bakarrik zaude eta zoriontzeko ez dizu inork deitu.
...zigarro bat piztu eta
itxoingo diet horrela
baina denbora badoa
ta tristezia umela
negar egiteko gogoz
urtebetetze krudela
uste nun baten batentzat
garrantzitsua nintzela
neuk ere ez nien deitu
izorratu daitezela
...euren kontura bizi naiz
egunero taupa taupa
baten eta bestearen
nobia sarri dut hauta
akaso hargatik ez daude
zoriontzeko prestauta
baina gaur egun jendeak
errukirik ere ez dauka
Andonik ere lan ederra egin zuen bakarka. Madrilera koadrilarekin opor bidaian
joan, galdu eta Auzitegi Nazionaleko eskailerekin egin duzu topo.
...azkenerako eskaileretan
kontzientziakin liskarra
ai! Entzutegi Nazionalari
hobe det eman bizkarra
epaile aurrean izan ninteke
txuloa eta oilarra
baina ni zer naiz kokolotxoa
zer naiz euskaldun baldarra
ni izango naiz zitatu gabe
presentatu den bakarra
...ta ezer txarrik egin gabe’re
urte luzeen kondena
etorri eta hemen kokildu
hori litzake txarrena
proba txiki bat egin behar dut
noan atean barrena
epailearena hiru hitzetan
kontatuko diot dena
ni naiz Juglares Sabelotodo
definitu zenutena
Buruz burukoan aulkia hitzari kantatu zion 9 puntukoa ere dotorea izan
zen.
Atsedena hartzea
ez degu kalteko
eta hori lortzen da
bera tarteko
aulkia gauza ona da
bila joateko
nahiz aspaldian hemen
gu gauzkan menpeko
hainbat ikusteko
edo erosteko
Ikean bai lepo
desberdinak seko
baina ezetz txikirik
behiak jeizteko
Dotore Mendiluzek kantatu zuen azken agurra, lehen egindako bakarkakoari segida
emanaz:
Mila zorion Andoni zuri
lau badituzu jasoak
besteengatik ere astindu
nahi ditut nere besoak
bueno nik zerbait egin det ondo
izan arren arazoak
igual ez ziren goxoak
ta entzuteko erosoak
baina barruak eskatzen zidan
ta bota ditut osoak
orain bi urte kantatu gabe
utzi nituen bertsoak
Azken saribanaketan Euskal Herriko 7 probintzietako bertso ikasleen artean
puntutan kantatu zuten bertsoak erremate hunkigarria eman zion saioari.
X.Igoa (Araba), I.Uria (Bizkaia), A.Otaegi (Gipuzkoa), M.Irigoien (Lapurdi), I.Tainta (Nafarroa), B.Luku (Baxenafarroa), B.Negeloua (Zuberoa)
Denak batera
Bertsolariz bete zaigu
azken aldian Araba
Bizkaian ere nogaitik
eta non ikasi bada
Gipuzkoan herriz herri
eta bailaraz bailara
Iparraldean biziki
goaz bertsu eskolara
Nafarrok ere badugu
bertsotarako parada
Baxenafarroan fite
jalgiko gira plazara
Xiberun koblakai zunbait
berriz sortu gia jada
izan ziren, gaur badira
gu ere izanen gara