Andoni Egañak laugarren txapela jantzi du, saioan zehar gora eginda

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 19a, 02:00

Andoni Egañak orain arteko marka guztiak hautsi eta laugarren txapela jantzi zuen atzo BECen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean. Ez zion txapelketari hasiera oso ona eman zarauztarrak goizean, baina, poliki-poliki gora egin zuen. Goizeko azken saioan bakarkako ona osatu zuen, ´aspaldiko partez begiak busti zaizkizu` gaiarekin: Andonik zortzigarren egin izanaren pena zuen eta etxera iristean goizean animoak eman zizkion semeak kontsolatu zuen ´ez du ajola` batekin. Arratsaldean goia jo zuen zarauztarrak eta laugarren aldiz jantzi zuen txapela , inongo aitzikiarik gabe. Txapela Imanol Lazkano bertsolariak jarri zion eta biek ala biek ez zituzten malkoak urruti izan momentu hunkigarri horretan.

Maialen, hirugarren
Maialen Lujanbiok bere egunik onena ez zuela izan aitortu zuen saio ondorengo prentsaurrekoan, burua nahi baino nekatuago izan zuela, ´lanbrotuta`. Hala ere, ez zuen saio txarra egin hernaniarrak, baina, ondo hasitakoa ezin izan zuen maila berean bukatu. Goizean oso goitik ekin zion zortziko haundian Iturriagarekin, eta bakarkakora arte ondo aritu zen. Bakarkakoan doinu berria atera zuen hernaniarrak, entrenamenduetan ondo landua, baina, atzo ez zion zuku guztia atera Kataluniako doinu zaharrari. Aldarteak aldarte, goian bukatu zuen Maialenek goizeko saioa. Saiorik politena bakarkoan egin zuen arratsaldean, beste bi ofizioetan txukun aritu arren. Bakarka entrenatzaile paperean kantatu zion, futbolean galduta lur jota dagoen umeari: irabazten ikasteko lehenbizi galtzen ikasi behar dela esan zion neskatoari lehen bertsoan eta lotsatu eta beldurtu gabe bere buruari eusteko gomendioarekin bukatu.

Iturriagaren potoa
Iturriaga izan zen atzo BECen Egañarekin batean txalorik gehien jaso zuena. Egun osoan oso goitik ibili zen eta umore puntua jarri zion saioari. Arratsaldean ere ondo egin zuen bertsotan eta sei puntuko ariketan nahiz bakarkakoan bikain aritu zen. Buruz burukoak Egaña eta biak parez pare jarri zituen eta Iturriagak poto nabarmena egin zuen hamarreko haundian, eta hor galdu zituen txapela irabazteko aukerak. Esan liteke durangarra txapela laztantzeraino iritsi zela eta bera ere gustora zegoen saio ondorenean nabarmendu zuenez.

Mendiluzeren malkoak
Mendiluzek ez zuen finalaurrekoetako mailarik eman baina utzi zuen jendearen buruan zenbait ale. Goizeko kartzelakoan bere emazte eta semeari kantatu zien ´aspaldiko partez begiak busti zaizkizu` gaiean eta barrua mugituarazi zien entzuleei, bene benetako aitorpenarekin.
Horiez gain, Ametsek ere saio oso ona egin zuen atzokoan eta laugarren gelditu zen Maialenek adina punturekin, eta entzulearen txalo zaparradapean; Sustrai Colinak ere finalaurrekoetan baino askozaz irudi hobea eman zuen eta erantzun biziak eta umore fina erakutsi zituen atzo Barakaldon. Elortza oso prestatua irten da aurtengo txapelketan, baina, atzo ez zuen finalaurrekoetan adinako mailarik erakutsi eta Jon Maia ere bajuago aritu zen aurreko saioetan baino.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!