BH: «Udala ondarea saltzen ari da eta ez du ezer egin etxebizitza politikan»

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 24a, 02:00

Bildu Hernanik osoko zuzenketa aurkeztu zien Plenoak onartu berri dituen aurrekontuei. BHren esanetan, «kezkatzekoa da ondarea saltzen ari delako, eta etekin horiek ez dituelako erabili etxeak egiteko lurra erosten, nahiz eta legeak berak hori bultza». Era berean, BHk begi onez ikusten du zuzenketetan 300.000 euroko partida lurra erosteko gorde izana, baina, azpimarratu du aurreko aurrekontuetan etxebizitza politikari begira hartutako neurri guztiak gauzatzeko daudela. Etxebizitzaren Gizarte Kontseilua sortzea proposatu du eta alokairuzko etxe parkea osatzen joatea. Zentzu honetan, BHk dio aurrekontu neoliberalak direla «pribatizazioaren bidetik jotzen delako (Gas Hernani, bi partzela Akarregin), lurraren espekulazioa ematen delako eta ez delako ekimen sozialik antzematen». Bonobusa bultzatzeko partidarik ez jasotzea ere kritikatu du.
«Ez dira demokratikoak» Bildu Hernaniren iritziz, Udalak onartu berri dituen aurrekontuak ez dira demokratikoak. BHk salatu du Udalak, auzo elkarte batzuei itxitako aurrekontua aurkezteaz gain, ez duela herritar eta taldeei zuzendutako bilera irekirik deitu. Gainera, azpimarratu du, aurrekontua egiteko bidean, Udalak 3.661 hernaniarren aukera politikoa baztertu egin duela, «aurrekontu hauek normaltasun batean kokatu nahi badira ere». Era berean, aurrekontua egiteko prozedura ere zalantzan jarri du BHk. «Aurrekontuen zuzenketak aurkezteko epea astelehen eguerdian bukatzen zen, eta 48 ordu baino lehen aurrekontua onartua zegoen. Gainera, urteko ia Pleno guztiak arratsaldean izanda, aurrekontuena goizeko 09:30etan jarri dute, eta langileak garenok ordu horretan lantokian egon behar dugu. Orokorrean herritarrekiko eta BHrekiko begirune gutxi erakusten dute jokaera horiek.» Bildu Hernaniren arabera, 2006rako aurrekontuek itxurakeriatik ere asko dute, «gobernu talde honek hauteskunde aurretik gestionatuko duen azken aurrekontua delako. BHk kritikatu du aurrekontua puztu egin dutela «gero zenbait inbertsio aurrekontutik erori egiten dira eta inork ez du ezer gehiago jakiten zenbait proiektuetaz, hilerriaz adibidez.» Bildu Hernanik aurrekontu herritarrak defendatu ditu, herritarren benetako beharrei erantzungo dietenak. Etxebizitza politikan eta beste gai sozialetan esfortzu haundiagoa egitea proposatu du (Bonobusa, hobari fiskala...). BHren esanetan «bi hilabetean erabiliko ditugun aire libreko igerilekuak bezalako proiektuak ez ditugu begi onez ikusten, eta beste lehentasun batzuk proposatzen ditugu: kultur ekipamendu bat adibidez.» BHk kritikatu du «herriak aukeratu ez duen Udalak 360.000 eurotik gora gastatzen dituela soldata eta dietetan.»
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!