Aranoko ANSA ahizpek euskal kantu ezagunekin osatutako kontzertua eskainiko dute gaur arratsaldean Sandiusterrin. Kontzertua publikoak parte hartzeko modukoa izango da eta horretarako kantuen letrekin orriak banatuko dituzte. Gaurkoa Hernaniko Musika Eskolak hilabetero antolatzen dituen kontzertuen barruan antolatua da. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Sandiusterri aretoan.
Gitarra, pianoa eta ahotsak
Ansa ahizpek kitarra, piano eta kantuarekin euskal abesti herrikoiak eta berriagoak jo eta abestuko dituzte. Maider Ansarena da hiruretan ahots nagusia, Ainhoak kitarra jo eta koroak egingo ditu eta Arantxak aldiz, pianoa jo eta abestu egingo du. ´Ahots nagusia da Maiderrena baina kantu asko bi ahotsetan abestuko ditugu, baita hiru ahotsetan ere` azaldu digu Ainhoa Ansak.
Errepertorioan dituzten kantu herrikoi zaharrak, Benito Lertxundirenak, Xabier Leterenak, Mikel Laboarenak eta Mikel Urdangarinenak dira, besteak beste. Abestiak, zaharrak ala berriak, denak ere nahiko ezagunak izango dira, jendeak kantatzeko moduko kontzertua egin nahi baitute.
´Kantuan aritu nahi bai, baina aukera gutxi`
Ainhoa Ansak azaldutakoaren arabera Aranon egin zuten emanaldi batean hasi ziren jendeak parte hartzeko moduko kontzertu hauekin: ´ordutik ahoz aho lortutako kontzertuetan ibili gara, herri batean eta bestean`. Azaldutakoaren arabera, jendeak eskatuta ari dira emanaldiak egite ´kantatzeko gogoa bai baina aritzeko aukera askorik ez baitute` dio.
Gero eta ekimen gehiago
Ainhoa Ansa Euskal Kantuzaleen Elkarteko Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako koordinatzailea da eta aipatu du gaur egun kantuan aritzeko ekimenak berpizten ari direla: ´Nafarroan esaterako Kantu Txapelketaren harira mugimendu asko sortu da, bertan parte hartu dugunon poltsa moduko bat osatu dugu, ofiziala ez dena`.
Horrez gain, gero eta herri gehiagotan ari dira hilean behineko zita egiten herrian barrena kantu herrikoiak kantatzen aritzeko; Hernanin Kalez Kale Kantari ekimena sortu da eta beste herri askotan ere badago antzekorik.
Txikitatik kantuan
Ansa ahizpak txikitatik hasi ziren kantuan eta Nafarroako euskal kantu txapelketan hasi zuten ibilbidea. Arantxa Ansa gaur egun txalaparta, piano eta hizkuntza musikaleko irakaslea da eta J.M Beltran eta Joxan Goikoetxearekin jo izan du. Gaur egun Aukeran Dantza taldea eta Oreka TX taldeko musikaria da. Ainhoa Ansa ere Aukera taldean aritzen da bajua eta kitarra jotzen. Maider Ansak Nafarroako txapelketan eta bai Euskal Herrikoan hainbat aldiz irabazi du, taldeka nahiz bakarka, eta Tximeleta eta E.K.O taldeetan abesten du.
KANTATUKO DITUZTENAK
1. Irria
2. Mendian gora
3. Aita-semeak
4. Baldorba
5. Nafarroa
6. Aberriaren mugak
7. Maitasunez hil
8. Donostiyako hiru damatxo
9. Topa dagigun
10. Donostiyako
11. Jadanik
12. Udazkeneko San Martin
13. Urrundik heldu naiz
14. Habanera
15. Itsasoan urak haundi dire
16. Martxa baten lehen notak
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!