OLENTZERO badator aurten ere eta Hernanin buelta bat baino gehiago eman
beharko ditu iluntzean etxez etxeko erregalo partitzea hasi aurretik. Goizean
ikastolako olentzeroak ibiliko dira kalean barrena eta arratsaldean gainerako
guztiak dute zita.
Baserriz baserri
Hernanin ateratzen den Olentzerorik zaharrenetakoa izango da Baserriz
baserrikoa eta aurten ere urteroko buelta egingo dute trikitilariak eta Anatx
eta Mendiluze bertsolariek lagunduta. Zita, arratsaldeko 15:00etan dute,
Gudarien plazan.
Baserriz baserriko Olentzeroa Harriburni inguruan sortu zen 70garren hamarkadan
eta geroztik urtero atera izan dira Osiñaga inguruko baserrietara. Urtero
bertsolariak izaten dira eta Osiñagako Anatx baserriko Joxe Mari Mujika ia
urtero atera izan da. Aspaldiko erronda honetan parte hartu nahi duen guztiak
gaur du zita.
Parrokiko abesbatza
Parrokiko abesbatza Gabonetako kantak kantatzen aterako da kalez kale gaur.
Irteera arratsaldeko 17:30etan izango dute Izpizua Kaletik.
Olentzero Konpartsa
Olentzero Konpartsak antolatuta karrozan ibiliko da Olentzero gaur kalean
barrena. Arratsaldeko 16:00etan Zaharren Egoitzara joateko asmoa dute eta bertan
opariak banatuko dituzte. Arratsaldeko 18:00etan, berriz, plazara joango da
Olentzero eta bertan txalapartariek eta Ttarla dantza taldeko gazteek ongi
etorria egingo diote. Ondorenean, Udaletxeko balkoira igoko da Olentzero eta
Pako Zabaleta eta Maitere Azurmendik herriko giltzak emango dizkiote, Alkate eta
Alkatesa paperean. Behin herri aurrean azalduta, kale buelta egingo du
Olentzerok karrozan eta arkupetan, herriko umeen kartak jaso eta opariak
banatuko dizkie.
Ereñotzun barrena
Ereñotzun ere ibiliko da gaur Olentzero kantuan etxez etxe. Askatsutik
Lastaolara bitarteko etxerik gehienak bisitatuko dituzte. Ereñotzuko plazatik
aterako dira eguerdiko 13:30etan.
Musika banda eta Kantuz
Musika Bandak eta Kantuz Abesbatzak kontzertu sakroa eskainiko dute gaur
Milagrosan, 20:00etatik aurrera. Urtero Kantuzek egiten duen kontzertua da hau,
baina, aurten Musi-ka Bandarekin batean egingo du, eta kantua eta musika
entzuteko aukera izango da. Guztira 11 kanta izango dira gaur: lehen zazpiak
Kantuzek eskainiko ditu. Kantuetan bosgarrena, Aloñamendian, J. Olaizola
Kantuzeko kideak egina da eta gaur dute estreinatzekoa. Hurrengo biak Musika
Bandak joko ditu eta azken biak (Gospel train eta Oi Betlehem-en) batera
eskainiko dituzte. Gaurko bi obraren moldaketak Xabi Izagirre Musika Bandako
kideak eginak dira.