ASTEAZKENEAN da Santo Tomas eguna, baina, Hernanin igandean ospatuko dute
zenbait auzotan. Plaza Berrin egitekoa du San Joan Konpartsak urteroko festa.
Eguerdian, txistorra pintxo eta bokadiloak izango dira edanarekin lagunduta, eta
arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara erromeria izango da Larre-alde
trikitilariekin.
Orkolagan kontzertuak
Orkolagan, txistorra eta gaztainak jarriko dituzte goizeko 11:00etan,
Elorrabi, Alberro, Itxasburu eta Rufinoko sagardoarekin batean. Eguerdian,
trikitixa izango da eta arratsaldeko 16:30etatik aurrera kontzertua El Furu,
Orreaga 778, Suburbio eta Afonia taldeekin. Gainera, txosna jartzekoa du Mujika
taldeak eta txerria ere zozketatuko dute, arratsaldeko 20:00etan.
Sorgintxulon urteroko festa
Igande eguerdian Sorgintxulo auzoan ere txistorrada egitekoa dute auzotar
guztientzat. Urteroko moduan jan-edana izango da aukeran, eguerdiko 12:00etan
hasita eta giroa ere ziurtatua dago.
Igandeaz gain, asteazkenean bertan ere izango da Hernanin zenbait ekitaldi,
festa haundia Donostian izango bada ere.