Urriko kartelera kaxkarrari gainbegirada

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 19a, 02:00

XABIER ERDOZIA, ‘LOU’

Uzta txarra ote? Normalean garai honetan izaten dira Venezia, Cannes, Toronto eta Donostiako zinemaldietan ikusitako filmeen estrenaldiak, hau da, uzta honetako filme preziatuenak. Baina badirudi horien artean aurten ez dagoela beste urtetan bezalako filme sendorik. Hiru edo lau filme kenduta, esango nuke udazkeneko kartelera nahiko kaxkarra dela. Gainera, aste honetan estreinatutako bi filme oso interesgarriak, Encuentros en el fin del mundo Werner Herzogena eta Barbet Schroederren El abogado del terror ez dituzte Donostian estreinatu. Eskerrak Nosferatu David Lean zuzendari britainarrari eskaintzen ari zaion ziklo zoragarriarekin eta Terrorezko Astearen hurbiltasunarekin badugula zertaz pentsatu (eta gozatu) zinezaleok.

MAX PAYNE (AntiguoBerri, Niessen, Txingudi, Mendibil, Urbil)
Jostailu erdoildua dirudi Max Payne horrek: barrukoak izorratuak dituen thriller baten aurrean baikaude. Sekulako arrakasta izandako bideojoku batean oinarritua dago Max Payne filmea, eta fuste gabeko filmea da, gisa honetako beste filmeak bezala. John Moorek zuzendutako (ea nork dakien La profecía eta El vuelo del fénix-en zuzendaria ere badela) Max Payne filmean ia ezer ez dago bere onenean: alde fantastikoa eta ez-fantastikoa bateratzen asmatzen ez duen gidoia; aktoreak: Mark Walhbergek polizi gogor baten itxura mantentzen ahaleginak egiten ditu pelikula osoan, Chris O´donnell eta Beau Bridgesen itzulerak adierazten duen bakarra da ze nolako lekuan dauden bi aktore horien karrerak. Alde interesgarriena enpresa farmazeutikoen joku ilun eta higuingarriaren salaketa da, eta arazo horretan ere azalean geratzen da. Ziur nago ikusle asko izango duela. Tele 5-k bezala. REFLEJOS (La Bretxa, Mendibil, Urbil) Lastima. Lastima zeren Alexandre Aja zinegile frantsesaren bizkarrean terrorezko zinemaren etorkizuna jarri genuenok -beno, Rob Zombie eta beste batzuen baimenarekin- muturrarekin atera gara bere hirugarren filme hau ikusi ostean. Alta tensión interesgarria eta, batez ere, Las colinas tienen ojos eguneratu horretan adierazten zuen auteur baten ezaugarriak: unibertso original baten jabea, atmosfera sortzeko gaitasuna eta terrorezko eskena liluragarriak eta originaltasunez beteak osatzeko erreztasuna. Hala eta guztiz ere, zinegile onenek ere ezbeharrak izaten dituzte eta Reflejos-ekin Ajak ez du asmatu oraingoan. Filme korear bat abiapuntutzat hartuz, Ajak pelikula komertzial eta konbentzionala osatu du oraingoan. Halere, badago bere maisutasuna adierazten duten eskenak: arrebak bere burua hiltzen duena, adibidez.

VICKY CHRISTINA BARCELONA (Mendibil, Antiguo Berri, Príncipe, Trueba) Zuz.: Woody Allen.
Ez da erraza hogei pelikula baino gehiago egin dituen zuzendariak -Manhattan, Otra mujer, La rosa púrpura del Cairo edota Maridos y mujeres maisulanak tartean izanik- pelikula eskas bat zuzentzea. Hala bai? New Yorkeko maisuak adierazi du Vicky Christina Barcelona-ren bidez, galdera horren erantzuna `bai` dela. Bagenekien alde batetik bestera dabilela diru eske, ohizko produktore exekutiboaren babesa galdu zuenetik, eta oraingoan Kataluinan lortu duela. Pozik behar lukete Bartzelonako udaletxekoek, bai Allenek azaltzen duen Bartzelonako alde turistiko eta errugabearekin eta baita hiriaren irudia zabaltzeko xedez aurkitu duten propagandarako tresna ezinhobearekin ere. Halere, Allenek proposatzen diguna topikoz josita dago eta folklorismoa da bere ezaugarri nagusia. Woody Allenek zuzendari estatubatuar arrunt baten ikuspegia adierazten du, eta gogorrena zera da: estatubatuar konbentzional bati zuzendua dagoela pelikula. Ez da falta matxote iberikoa, espainol erdi eroa, gitarrajole flamenkoa... Pelikulak ez dauka nondik heldu: ez musika aldetik (abesti itsusi hori pelikula osoan martxan!), ezta Bardem eta Johanssonek bere rolak adierazteko modua, ezta topikoz betetako gidoia ere. Penélope Cruzek eta beste guztien gainetik, Rebecca Hall-ek ezinhobeto betetzen dute rolak aurrera eramateko agindua. Eta baditu eskena lotsagarriak ere (gitarrajole flamenkoa parkean azaltzekn denekoa, adibidez). Patetikoa.

TERROREZKO ASTEAREN AURREKO BERRIAK
Badator bai Fantasia eta Beldurrezko XIX. Astea. Urriaren 31n hasi arren, oraindik ez dakigu programazio osoa. Baina badugu ziurtasuna aste osoan iaz eta aurten ekoiztu diren terrorezko filmeak ikusteko parada izango dela Antzoki Zaharra eta Victoria Eugenia Antzokian. Aurten, domu santu eguna larunbata da (Halloween gaua, alegia) eta ez dago zubirik. Zailtasunak alde horretatik antolatzaileentzat. Estutasuna ere bai pelikulen kalitatearekin, badirudi aurtengo uzta azken urtetako hoberena dela. Halanola, Donostia Kulturako arduradunak saiatu dira aurten ere aste interesgarria gauzatzen, eta lortu dutela esango nuke. Paperean jartzen duena behintzat interesgarria iruditzen zait. Ostirala, hilaren 31n, Rob Schmidten The alphabet killer film estatubatuarrak emango dio hasiera Asteari. Estatuan ikusgai izango da lehen aldiz Km 666-en zuzendariaren filme berri hau. Eliza Duhnsku-k eta Cary Elwes-ek antzezten dituzte garrantzizko rolak. The Alphabet killer filmearekin batera, badira beste filme batzuk Antzoki Zaharrean lehendabizikoz ikusiko direnak: Shinji Haramakiren marrazki bizidunez osatutako Apleseed: Ex machina esate baterako. Antza denez, urteko anime-rik garrantzitsuena da (Hayao Miyazakiren baimenarekin). Horiekin batera, Antzoki Zaharrean estreinatuko dira Mark Tonderairen Hush, errepidean kokatutako thrillerra; Manhunt, El malvado Zaroff filmean oinarritutako filme norbegiarra; Midnight Movie, 70. hamarkadan produzitutako terrorezko zinemari omenaldia eta era berean joku metazinematografikoa planteatzen dion filmea eta Nightmare detective 2, Shynia Tsukamoto zinegile japoniarraren azkena. Horiez gain, Donostia Kulturakoek Dario Argento maisu italiarraren eta Gialloren asmatzailearen azken filmea ekartzea ere lortu dute. Bestalde, Surveillance-k emango dio bukaera asteari, hilaren 8an, Sitgeseko zinemaldian sari nagusia lortu duenak. Jennifer Lynchen filme horrekin batera, Sitgesetik etorriak dira 20th Century Fox, City of Ember (En busca de la luz), Martyrs polemikoa, Prime time edota Repo: the genetic opera. Aurtengo sail berezia Animeri eskaini dio Zinemaldiak, Hayao Miyazaki, Satoshi Kon, Katsuhiro Otomo edota Mamoru Oshi maisuen obrak pantaila haundian ikusteko aukera paregabea suposatuko du. Hau guztia ohizko argitalpenekin eta erakusketekin batera. Datorren astean, informazio gehiago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!