Gurasoentzako hitzaldia eta ikasleentzako tailerra bihar Hernani Institutuan

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 13a, 02:00

Ostegunerako internetari buruzko mintegia antolatu dute, langile autonomo eta enpresa txikiei zuzenduta.

HERNANI Institutuak klase ordutik kanpoko hitzaldi eta tailerrak antolatzen ditu kurtsoan zehar. Bihar bi zita dituzte, batetik gurasoei zuzendutako hitzaldi bat izango da Biterin eta emakumearen kontrako indarkeriaren inguruan tailer bat egingo dute eguerdi partean ikasleekin.
Horrez gain, internetari buruzko mintegiei segida emanez, ostegunean teknologia berriak negozioetan duten erabilera ezagutarazteko saioa izango da.

Familia harreman orekatuak
Azkeneko urteetan gurasoei, eta interesa duen jendeari orohar, zuzendutako hitzaldiak antolatzen ari da Hernani Institutuko Zuzendaritza, orientatzailearekin batera. Hitzaldi hauek familia eta familiarteko harremanekin dute zerikusia. Bide horri jarraipena emanez bihar hitzaldia izango da Arauak eta mugak : non jarri? nola jarri? gaiaren bueltan. Hizlaria izango da Maribel San Sebastian psikologoa eta aztertuko du gurasoen zein jarrera diren lagungarri, eta zeintzuk diren oztopo, familia harreman orekatu bat izateko. Hitzaldia bihar arratsaldeko 18:30etan izango da, Biterin.

Ikasleentzako tailerra
3garren adina 3garren mundua gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta tailerra egingo dute bihar Hernani Institutuko ikasleek. Unicefek duela bi urte atera zuen txosten bat, emakumeak bizitzako etapa ezberdinetan jasaten duen indarkeria azaltzen zuena. Tailerrean, txosten hori aztertuko dute, ikasleen parte hartzea bultzatuta. Tailerrak Hernaniko Udalaren laguntza jaso du. Bihar eguerdiko 13:00etan eta 15:00etan, Santa Barbaran.

Teknologia berriak
Ostegunean Informatika nire enpresarako: Askea ala ordaindutakoa da mintegia antolatu du Miramon enpresa digitalak Hernani Institutuan. Negozioetarako zein informatika programa diren egokiak azalduko dute eta tresna ezberdinak dituen CD bat banatuko dute. Izena emateko mezu bat bidali daiteke cursos@miramondigital.com helbidera ala 943 747 314 telefono zenbakira. Mintegia 18:00etatik 20:00etara da, Karmelo Labakan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!