Pirineos Jazz Orchestrak jazzaren historian barrena ibilbidea egingo du kontzertu didaktiko batean

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 14a, 02:00

JAZZ musikaren ibilbidea aztertzen duen kontzertu didaktikoa eskainiko du gaur Pirineos Jazz Orchestrak, Tam-tametik tom-tomera ikuskizunean. Musikari itsuarena egiten duen Pablo Salaberri aktorearen kontakizunaren bidez azalduko dute jazz musikaren jatorria: 17 garren mendeko Europa eta Afrikako girotik gaur eguneko musika estiloetan jazzak duen eragineraino.
Ikus-entzunezko proiekzio batek lagunduko dio aktoreari eta 8 musikarik osatutako taldeak garaian garaiko musika estiloak interpretatuko dituzte: Laura Ridruejo (ahotsa), Mikel Ridruejo (saxo altua), Miguel Fernandez Vallejo (saxo tenorea), Ramon Garcia (tronpeta), Mauro Urriza (pianoa), Alejandro Mengod (gitarra), Marcelo Escrich (bajoa) eta Hasier Oleaga (bateria).
Kontzertua gaur arratsaldeko 20:30etan izango da, Biteri kultur etxean.

Kontzertu atsegina eta didaktikoa
Manu Agirre, Pirineos Jazz Orchestrako managerrak azaldutakoaren arabera, gaurko kontzertua atsegina izango da: ´Jazza askotan elitistatzat jo izan da baina gure asmoa da edozeini hurbiltzea musika estilo hau`. Jendeak gozatzeko moduko ikuskizuna eskaintzen saiatu dira, jazzaren sorrera eta bilakaeraren atzean dagoen jende, kultura eta sentimenduei garrantzia ematen.
Ikuskizun honek kultura mestizajea hobeto ulertzeko ere balio duela dio Manu Agirrek, izan ere ´jazzaren atzean dago historia garaikidean gertatu den kultura mestizaje emankorrenetakoa`.

Oso harrera ona
Pirineos Jazz Orchestraren emanaldi hau ikasleei zuzendutako kontzertu didaktiko batzuen harira sortu zuen. Izan ere musika ikasgaietan, musika klasikoaz aparte, ez da gauza askorik lantzen. Emanaldia sortu zutenetik herriz herri ibili dira eta Manu Agirrek dio jendea ´txoratzen` ateratzen dela kontzertutik.

Jazzak beste musika estiloetan eragin haundia
Agirreren hitzetan, gaurko ikuskizunera joaten direnek ulertuko dute jazzak zein eragin izan duen gaur egungo musika estiloetan: ´Rapa, heavya eta beste hainbat estilok gaur egun elkarrekin diraute baina sustrai beretik datoz` dio.

12 zatitan banatutako ikuskizuna

  1. Afrikako eta Europako musika: bi kontzeptu ezberdin. Afrikar musika eta organoa. Afrika erdialdeko amalgama erritmoa eta ‘Diferencias de la Gallarda’ (A. de Cabezon) joko dituzte.
  2. Esklabutza. Work song musika estiloa. ‘Work song’ abesti herrikoia interpretatuko dute.
  3. Relijioa. Spiritual musika estiloa. ‘Amen’ abesti herrikoia interpretatuko dute.
  4. Haziendatako bizitza. Bluesa. ‘You don´t know my mind’ joko dute. (Liston, Gray, Williams).
  5. Esklabutzaren abolizioa. Ragtime musika estiloa. ‘Easy Winners’ joko dute (Scott Joplin).
  6. New Orleanseko bizitza. New Orleans eta Boggie-Woogie estiloak. ‘When the saints go marchin’in’ (L.G. Presley) eta ‘Cow cow boogie’ (Fast Waller) joko dituzte.
  1. Lege lehorra. Swing-a. T’ake The A train’ abestia interpretatuko dute. (Duke Ellington).
  2. Bigarren Mundu Gerra ondorena. Be bop musika estiloa. ‘Blues for Alice’ joko dute (Parker).
  3. Txurientzako jotzen. Rock’n Roll. ‘Rock around the clock’ (Bill Haley).
  4. Musikarien musika. Coll Jazz musika estiloa. ‘Take Five abestia joko dute’ (Paul Desmond).
  5. 60ko hamarkada: Vietnam. ‘Free jazz musika estiloa’. Inprobisazioa.
  6. Mundua: musiken mundua, garaiak eta estiloak. Acid jazz musika estiloa. ‘So what’ joko dute (M. Davis).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!