DATORREN asteazkenetik aurrera erakusketa-azoka zabalduko dute Biterin
Hernaniko hainbat eta hainbat artisten artelanekin. Erakusketa honen helburua da
Etiopiako umezurtzei laguntzeko dirua biltzea. Zehazki, Angel Olaran
hernaniarrak Wukro herrian egiten ari den lana laguntzeko antolatu da erakusketa.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Hernaniko berrogei bat artistak hartuko dute
parte erakusketan eta bakoitzak artelan bana eman duen arren, badira bi edo hiru
obra eskaini dituztenak. Kronikak Oihana Insaustirekin hitz egin du eta berak
azaldu duenez artelanen salmentatik ateratako diru guztia da Etiopiara
bidaltzeko, artistek ez dute inolako irabazirik aterako.
Teknika eta artelan mota ezberdinak
Artelanak eman dituztenen artean asko Emakume Zentrokoak dira, beste asko
Aurkiko tailerreko ikasleak dira eta badaude Zikuzulon lan egiten duten Errapia
taldekoek emandako artelanak ere. Salgai egongo diren artelanen artean denetarik
dago: ondarrez polikromatutako koadroak, egurrean landutako teknikak, egurrez
margoturiko kutxak, kristalezko lanak, oleoz eginiko pinturak, eskulturak...
Gainera, horietako batzuek kutsu afrikarra dute, erakusketaren helburuarekin bat
eginez, nahiz eta lan egiteko gaia librea izan den.
Erakusketa-azokan, artelan bakoitzaren ondoan prezioa jarriko dute garbi eta
erosi nahi duenak bertan dagoen arduradunarekin hitz egin besterik ez du.
Duela bi urteko egitasmoa
Oihana Insaustik azaldu duenez, badira bi urte berak eta Iker Vallek Olarani
egitasmo honen berri eman ziotela, baina orain arte ezin izan dute martxan jarri.
Aurten ordea, Olarani laguntzeko komisioarekin elkarlanean hasi eta aurrera
atera da proiektua. Erakusketa abenduaren 14etik 30era egongo da ikusgai Biterin,
arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.
|