Konbentua eta etxeak bukatuta daude eta asfaltoa aste honetan botako dute

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 11a, 02:00

Monja komunitatea dagoeneko Hernanin dago. Datorren asteazkenetik ostiralera dituzte egitekoak brea lan guztiak, eta horrekin bukatuko dituzte urbanizazio lanik haundienak. Hotelaren ordez, 16 etxe egiteko eskaera Diputazioan dago.

AGUSTINETAKO ingurua eta Zinkoenea berritzeko obra osoa bukatzeko zorian da. Etxeak bukatuta daude eta konbentua berrituta. Konbentu aurreko plaza ere oso aurreratuta dago. Orain urbanizazio lanetan ari dira, eta datorren astean dute brea botatzekoa: Zinkoenean eta konbentu bueltan ez ezik, Antziolan eta Karmelo Labakan. Leku horietan, trafikoa moztu egingo dute asfalto lanak egiteko. Aspaldian aldatu gabe zeuden lurpeko instalazioak berritzeko ere aprobetxatu du Udalak obra. Karmelo Labakan lurpeko zakarrontziak ere badijoaz.
Konbentua berritzeaz gain, Agustinetan 69 etxebizitza, (batez beste 70 m2-koak) eta 22 lokal komertzial eta aparkalekuak egin dituzte. Eta Udalak ere 600 metro inguru ditu beretzat. Trafiko aldaketak ere ekarri ditu: dagoeneko jarria dagoen bezala, konbentu buelta osoa karril bakarreko rotonda izango da. Zinkoeneatik Floridara jaisteko sentidu bakarra egongo da lehenengo tramoan. Bestalde, konbentu parean, Latxunbetik Antziolara hartzeko sarbidea itxita geldituko da. Zinkoeneatik Txirrita kalera sartzeko orain arte bezala geldituko da.
Agustinetako proiektuak 50 plazako hotela aurrikusten zuen. Eskaririk ez dela argudiatuta, proiektua aldatu eta 16 etxe bizitza berri egiteko eskaerari baiezkoa eman dio Udalak eta Foru Aldundian dago orain aldaketa eskaera.

Monjak oso gustora
Agustinatako obra erabat bukatuta dago eta monjak abendu hasieran etorri ziren Arzeniegatik (Araba) Hernanira bueltan. Mari Karmen Agirre priorrak Kronikari adierazi dionez, obrarekin oso gustora gelditu dira «arkitektoak ondo ezagutzen du gure bizimodua, eta gure behar guztiak ondo jasota gelditu dira». Era berean, Mari Karmen Agirrek aitortu du komunitateari ilusio haundia egin diola «gure herrira» bueltatzeak. Konbentua goitik behera berritu dute, eta estruktura bera ere erabat aldatu da. Klaustroa eta klaustro ingurua da lehengoari eutsiz berritu dutena. Hori da konbentuaren jatorrizko zatia, eta Ondare Historiko kontsideratua dago. Ikuilua eta beste zenbait zati osorik bota zituzten, eta espazio berri txikiagoak egin.
Eliza zabaldu, bisitak hartu eta abar egiteko ordea, monja komunitateak denbora beharko du oraindik. Batetik, urbanizazio lanak direla eta sarrera moldatzeko daukate. Bestetik, obrak iraun duten bitartean traste asko elizan gorde dituzte. Orain dena berriz antolatu eta elizari txukundu bat eman nahi diote zabaltzerako. «Eliza zabaltzeko epe jakinik ez daukagu, baina, guk lehenbailehen izatea nahi genuke, nahi duenak elizara joateko aukera izateko. Hernanik beti lagundu izan digu eta eskerrona barru-barruan daramagu» dio Mari Karmen Agirrek.

   

Trafiko mozketak datorren astean
 

Abenduak 14, asteazkena
Latsunbetik Agustinetarako sarrera erabat itxiko dute eta trafikoa Urbieta kaletik desbideratu. Antziola kalera sartu nahi dutenek Latsunbe-berritik sartu eta Argarain kaletik barrena izango dute bidea.

Abenduak 15, osteguna
Agustinetarako rotondarako sarrera itxiko dute partzialki Astigarragatik, Latsunbetik eta erdigunetik datozenentzat. Agustinetatik Antziolarako sarbidea ixteko beharrik balego, Florida aldera desbideratuko dute trafikoa.

Abenduak 16, ostirala
Karmelo Labaka eta Antziolako kaleak itxiko dituzte partzialki. Uneren batean erabat ixteko beharrik balego, Florida kalera desbideratuko dute trafikoa.

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!