AKTIBITATE komertziala bultzatzea eta indartzea zen Agustinetako proiektuaren
helburuetako bat, eta horretara bideratu ziren zoruaren zati haundi bat. 2.750
metro karratutan, 22 establezimendu egin dituzte eta guztiak hartuta daude:
informatika denda, pelukeria, argazki denda, kafetegia, bi masaje zentru, Eroski,
arropa denda, tintoreria... eta abar dira Agustinetan dijoazen aktibitateetako
batzuk. Badira oraindik aktibitatea erabat definitzeko dutenak, eta baita lokala
inbertsio gisa hartutakoak ere. Lehenbiziko komertzioa, lentzeria bat,
Gabonetarako zabalik egongo da. Gehienak, dagoeneko negozioa jartzeko obretan
hasita daude, edo laster hastekotan dira, eta beraz hilabete gutxitan aktibitate
guztia martxan egongo da.
Establezimendurik haundiena Eroskik jarriko du. Denera, 1.700 metroko zorua
hartu du firma komertzial horrek, baina, 1.000 metroko saltokia jarriko du (hori
da legez jarritako neurri topea). Eroski otsailaren aurren aldera zabaltzekotan
da. Saltoki azpian, Eroskik 51 kotxerentzako parkina izango du, berak
gestionatuko duena.
Lautik hiru hernaniarrak
Bai Agustinetan lokalak hartu dituztenak eta bai bizitzen jarri direnak
lautik hiru hernaniarrak dira, UTE Agustinak obra egileek emandako datuen
arabera. Lokal eta ofizinen kasuan, jabetzaz, % 73 dira Hernanikoak eta 22tik 16
lokal hartu dituzte, aktibitate berria jarri edo lehen zutena Agustinetara
ekartzeko. Lokal jabeen % 18 Donostiakoak dira, eta 4 lokal hartu dituzte, eta %
9 beste jatorri bat dutenak, 2 lokal. Donostiakoetan ere, batzuk familia
hernaniarra dutenak dira edo Hernanirekin lotura izandakoak. Obra egin duen
promotorari nabarmentzekoa iruditu zaio obra bukatzerako lokal guztiak hartuta
egotea, normalean lokalak saltzea gehiago kostatzen delako. Bere ustez, Eroski
sartzeak bultzatu ditu asko.
Agustinetan egin dituzten etxe gehienak ere herritarrek hartu dituzte, % 77 hain
zuzen ere. Bertakoek 69 etxetik, 53 hartu dituzte. Donostiarrek hartu dituzte 8,
Astigarragakoak 4, eta gainerako 4 beste herrietakoak. Obra egileen hitzetan,
Antziolako etxeetan antzekoa pasa da, eta bere datuen erakusten dutenez, jende
gehiena Donostiatik datorren ustea ez da zuzena. Gehienak etxe hobea nahi duten
hernaniarrak dira.
Etxe barru klasikoak
Etxe berrietan sartzen denak etxe barrua nola antolatzen duen ere jakin nahi
izan dugu. «Aldaketa dezente egiten utzita ere, jendeak betikora eta
estandarrera jotzen du: bai distribuzioan, bai materialetan, bai azulejotan, eta
baita koloreetan ere» dio UTE Agustinak-eko ordezkariak. Erostuna bera
diseinatzailea, arkitektoa, edo antzeko zerbait bada, orduan bai, antzematen
omen da berezitasuna, baina, kasu bakanak dira. «Azken 10-15 urteotan ezer gutxi
aldatu da: ferietan berrikuntza asko ikusten dira, baina, gero ez dira etxe
barrura iristen». Ekipamendu teknologiko aldetik, domotika ez omen da Hernanira
iritsi, ez behintzat nabarmentzeko moduan. Eta iritsi dena, askotan
segurtasunarekin lotuta. Iritsiko omen da, baina, ez epe laburrera.
Udaltzaingoa, Agustinetan
Udaltzaingoaren bulego nagusia Agustinetan jartzekotan da Udala. Gaia
oraindik tramitean badago ere, Antton Kosta zinegotziak Kronikari adierazi dio
Udalaren asmoa dela Agustinetako udal bulegoetan 200 metro inguruko instalazioa
jartzea. Proposamenak komisiotik pasa behar du eta gero etorriko dira lekua
egokitzeko obrak. Ondo bidean, Kosta zinegotziak uste du sei hilabete barru
inguru Udaltzaingoa egoitza berrian egon litekeela.