ANTXON Costa, trafikoaz arduratzen den zinegotziak, Bildu Hernanik egindako
kritikei erantzun die Kronikara bidalitako idatzi batean. Costak dio, ´BHk bere
oharrean onartzen duen bezala badago trafikoaren inguruko mugikortasun plan bat,
pasa den legealdian eskatutakoa` eta azaldu du plan hori aplikatzen ari direla
urratsez urrats.
Horrez gain dio ´Batasunak egiten ez zuen bezala` egun trafikoan egiten diren
aldaketak, 33garren dekretuaren bidez egiten ari direla, erakusketa publikoan
jarrita bizilagun eta elkarteen proposamenak jasotzeko. Horren adibide bezala
jarri ditu Txirrita kalean eta Agustinetan egindako aldaketak.
Costak dio aipatutako Mugikortasun Plana edozeinen eskura dagoela ´BH eta beste
edozeinen eskura dago, eskatu besterik ez du egin behar, Berriak elkarteak eta
beste hainbat auzo elkarteek egin duten bezala`.
Costak azaldu du Mugikortasun Plana Integralak Latxunbe-Antziola biala alde
batera uzten duela ´Batasunak autopista bihurtu nahi zuen hori, bizilagunen
irizpideen kontra, hauek eskatzen baitzuten lehen peatonala zen bide hori
humanizatzea`.
Trafikoa gutxitu erdigunean
Antxon Costak dio Mugikortasun Plan Integraleko irizpideak aplikatuko
dituztela: ´bide horretan herri erdigunean trafikoa gutxitzeko lanean jarraituko
dugu, hori da Agustinetan egiten ari denaren helburua`. Kotxeen abiadura
gutxitzeko badenak jarriko dituztela ere azaldu du eta Hernani bizitzeko leku
atseginagoa izateko lanean jarraituko duela ere bai: ´oinezkoak eta
txirrindulariak erosoago sentitzeko eta ez trafikoa dela eta mehatxatuta eta
posible bada, zailtasunak jarri gabe benetan kotxea behar dutenei` dio.
Honi jasangarritasuna deitzen zaiola aipatu du zinegotziak eta hau dela gobernu
taldearen apustua: ´badakigu ez dela BHren eredua baina ziur gaude hau dela
hernaniarren bizi kalidadea hobetzeko formularik hoberena.
Bukatzeko hernaniarrak animatu ditu zinegotziak trafikoa hobetzeko ekarpenak
egiten jarraitzeko ´gai honetan, beste askotan bezala, inork ere ez baitu makil
magikorik` aipatu du.