BHk alegazioa aurkeztu dio Agustinetan Hotelaren ordez etxeak egiteko proposamenari

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 9a, 02:00

AGUSTINETAKO hotelaren ordez 16 etxebizitza egitea proposatzen duen dokumentuari alegazioa aurkeztu dio Bildu Hernani plataformak, beren hitzetan ez baitu zentzurik egingo denak. BHk dio udalak bi arrazoietan oinarritu duela hotelaren ordez etxeak egitea: ´hotel erabilpenak zentzurik ez duela iritzi dute. Zergatik: eraikinaren tamainagatik ez delako nahikoa hotel kate batek interesa azaltzeko eta aldiz haundiegia delako familia negozio batentzat`. Kritikatu dute hotela batzuen edo besteen beharretara egokitu beharrean kendu egin nahi dutela ´baina ez herri antolaketa kontuan hartu dutelako, dirua ateratzeko baizik, gero haurtzaindegian inbertitzeko. Gu ez gaude haurtzaindegiaren kontra, baina, gauzak ondo egin behar dira eta ezin da hirigintzarekin horrela jokatu` dio BHk.
Beren hitzetan hirigintza herria antolatzeko erabili behar da ´eta horrek plusbaliak lortzea badakar... ondo; baina, ezin da dirua lortzeko modu bezala ulertu eta udalak onartutako fitxan ez du antolaketari buruzko ezer esaten`.

Hotelaren beharra
Plataformaren iritziz udala alde batera uzten ari da ´promotore inmobiliarioek hotel bat bultzatzeko hartu zuten konpromisoa`, eta herrian horrelako zerbitzu baterako dagoen beharra ez dutela kontuan hartu uste du BHk. Alegazioak azpimarratzen du Turismo Garapenerako Plan Estrategikoak hotel plazak gehitzeko beharra nabarmentzen duela. Horrez gain, datu gisan azpimarratu dute fetxa seinalatuetan alojamenduak erabat betetzen direla herrian eta legez kanpoko alojamendu eskaintza haundia dagoela.
BHren iritziz ´hirigunean turismoa eta merkataritza garapena ekarri lezakeen hotel bat jartzeko orube bakarra` ezabatuko da erabaki honekin eta ´Hernaniko herriaren etorkizun urbanistiko eta sozio ekonomikoan eragin haundikoa izango da`dio.

Haurtzaindegiko hitzarmena
Haur eskola berria finantziatzeko egingo dituzte hotelaren ordezko 16 etxebizitzak, BHk dioenez eta beren esanetan ´hitzarmen hau eragiketa finantziero nahasi bat da, Legea eta Administrazio Publikoen Kontratazio Arauak hausten dituena`. Alegazioak dio, Udalak orubearen rekalifikazioa onartu duela ´eta honen ordainez Agustinatako promotoreak 420.708 euro ordaindu behar dizkio haurtzaindegia egingo duen kontratistari eta kontratista honi zuzenean haur eskolaren obra adjudikatuko zaio (1.300.000 eurotik gora)`. Horrez gain herri plataformak azpimarratzen du ´eragiketa arraro hau borobiltzeko sinatzaile den beste sozietate batek ere kontratistari 700.000 euro emango dizkio Udalari eman ordez eta haur eskola finantziatuko dute sozietate honek, promotereak eta kontratistak Udalari zor dizkioten kopuruekin, baina Udalak diru hori zuzenean jaso gabe`.

´Akatsak daude`
Prozedura guzti honetan akatsak ikusten ditu BHk eta horiek nabarmendu ditu alegazioan. Lehengo 49 etxebizitzek eta oraingo 16ek 65 batzen dituztela azpimarratu du; eta behin 50 etxebizitza ezkero babes ofizialekoak behar duela %20k, ´eta horiek ez dituzte kontuan hartu`. Bestetik, 16 etxebizitza horiei legokiekeen eremu irekia ere ez da kontuan hartzen BHren hitzetan. Eta azkenik, BHk dio legearen arabera, etxebizitzak egitean lortzen den aprobetxamenduak udal ondasunak haunditzeko funtzio nagusia behar duela: ´legeak hala dio: ondasuna haunditzeko edo etxeak egin ahal izateko lurra erosteko erabili behar da aprobetxamendu hori normalean, eta hemen ez dugu horrelakorik ikusten`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!